Niko Iurramendi.
Arrauna. ARRANPLATIK

Irudiak

2021eko uztailaren 20a
00:00
Entzun
Jada hiru asteburu jokatu ditugu, eta irri egin gabe ikusiko gintuzuen Urdaibaiko arraunlariok. Azken arraunkadak eman, eta, minutu erdiren buruan, arnasestuka botatzen ditugu norbere uste eta irakurketak, besteenak entzuteko asmorik gabe. Estropadaren lehen irakurketa beroa izaten da, eta, helburua bete-betean lortzen ez denean, tirabira itxura izaten du, nahiz eta lehorrera iristerako denok gauza bera nahi dugula ohartu eta elkartuta egoten garen. Zenbat buru, hainbat aburu.

Bigarren irakurketa epelagoa izaten dugu lehorrean. Kanpoan egon direnekin iritziak partekatzen ditugu ontzian arraunean aritu garenok. Hemen ere beste hainbeste iritzi, ez baita gauza bera ikusten ontzian arraunean aritzean, motordun ontzitik ikustean edo telebistako irudiak ikustean.

Azken urteotako aldaketa handienetako bat sakelakoena izan da. Herria atzean utzi bezain pronto, estropadako irudiak ikusten hasten gara. Hirugarren irakurketa. Arraunean izan ditugun sentsazio horiei akuilua ematen dieten irudien bila, taldekideen arraunketarekiko ahalik eta berdinen gabiltzaneko irudien bila, zeinen ondo arraun egiten dugun erakusten duten irudien bila, «hara, hor aurreratu egin naiz», «besoa tenteago eraman behar dut», «espero dut arrauna kateatu zaidaneko irudirik ez egotea». Irudien bila. Beti izaten dut duda estropada txarra eginez gero irudiok ikusi ala ez, baina ia beti amaitzen dut ikusten. Txandan aurrean ibili eta lehiakorra dena izaten da kamerek gehien erakusten duten ontzia. Ea datozen estropadetan gure irudi gehiago ikusten ditugun. Ikusiz ikasteko balio izateaz gain, seinale ona litzateke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.