Vicent Partal.
ENBAXADA BILA

Kirioak

2018ko apirilaren 22a
00:00
Entzun
Gero eta agerikoagoa da estatua urduri dagoela ikusita Kataluniako krisiak zer bide hartu duen. Alde horretatik, urduritasun horren adierazle argia da Llarena epailearen eta Montoro ministroaren arteko liskarra. Llarenak azalpenak eskatu dizkio ministroari, jendaurrean, jakiteko zergatik esaten duen erreferendumean ez zela gastatu diru publikorik. Harritzekoa da oso halakorik eskatu izana.

Batetik, bere ikerketan eskuratuak dituelako datu horiek. Bestetik, nahiko balitu nahikoa lukeelako zuzenean eskatzea. Edozein epaiketatan egiten den bezala. Ohar bat, gestio bat egin Ogasunarekin, eta kito.

Hori egin beharrean, zuzenbidearen kontrako beste kontu bat egitera bultzatu du Llarenak ministroa: deliturik ez dagoela frogatzera. Llarenaren burugabekeria ikaragarria da. Epaiketa batean, delitua egin dela frogatu behar da, ez delitua ez dela egin. Haren eskariak atzekoz aurrera jartzen du mundua, literalki.

Llarena ezinean dabil funtsak bidegabe erabili direla frogatzeko, eta horrek urduritasun handia sortzen du. Alemaniako auzitegiek ukatu egin dute matxinada delitua egon dela, eta, ez badu lortzen frogatzea funtsak bidegabe erabili direla, Puigdemont aske utziko dute, eta, ziur asko, baita Belgikan eta Eskozian dauden kontseilariak ere; kasurik gabe geratuko da, eta oso barregarri.

Horregatik, badirudi Montorori jendaurrean eginiko eraso hori baliatu nahi duela porrotaren erantzukizuna norbaiti leporatzeko. Eta Montorok baditu aukerak; izan ere, badira hiru urte Generalitatea kontrolatua dutela, eta, azken finean, pentsa liteke hura izango litzatekeela erreferendumaren gastuen erantzule. Badago esaten duenik Llarena gai dela Espainiako ministroa auzitara eramateko ere. Harrigarria litzateke, baina nik, Martxelo, honetara ezkero ez dut ezer baztertzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.