Vicent Partal.
ENBAXADA BILA

Demokrazia

2018ko martxoaren 25a
00:00
Entzun
Demokrazia izan da Kataluniako —eta Euskal Herriko— mugimendu independentistaren motorra. Demokraziaren aldeko borroka. Sistema demokratiko batean bizitzeko beharra, non gure herriek zer izan nahi duten erabaki ahal izango duten, kolektibitatea bera ez den beste inoren mende egon gabe.

Mendebaldeko demokrazia sendoek ez bezala Kanada edo Erresuma Batua, kasurako, Espainiak ez du demokrazia onartzen nire herriak eta zureak planteatzen duten (ageriko) gatazka politikoa konpontzeko tresna gisa. Urteetan gezurretan aritu dira indarkeriaren aitzakiarekin. Esaten zuten edozer lor zitekeela indarkeriarik gabe. Orain, aste honetan, guztiz argi geratu da arazoa ez zela indarkeria, aldarrikapena bera baizik. Ez dago zalantza aztarrenik ere, Rovira erbestean eta Turull, Rull, Romeva, Bassa eta Forcadell kartzelan ikusirik. Hala, zazpi politikari ditugu deserrian, eta bederatzi espetxean; beste seik, berriz, politika utzi dute, mehatxu judizialak direla medio. Hogeita bi politikari katalan eskubide zibilez gabetuta, tartean herrialdeko bi alderdi nagusien buruzagiak. Eta, orotara, mila pertsona baino gehiago auzitegira deituta, haien askatasuna mehatxupean. Hori guztia, gezurrez jositako instrukzio bat oinarri harturik; instrukzio bat tipo penal onargarririk —eta, are, frogagarrik— gabea, eta Espainiako Gobernuak urrutitik kontrolatua.

Hortaz, Martxelo, eztabaidaren hasierara itzultzen gara. Independentziaren aldeko borrokaz harago, askatasunaren eta demokraziaren aldeko borrokan murgilduta gaude. Espainiak ezin izan dio eutsi katalanen erronka demokratikoari, eta benetan zer den erakutsi digu. Disimulurik eta lotsarik gabe. Eta jada abian jartzen ari diren erantzunek oso kontuan izan beharko dute hori.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.