ENBAXADA BILA

CDR

Vicent Partal.
2018ko apirilaren 15a
00:00
Entzun
Maskara bat Jordi Cuixarten aurpegiarekin, txilibitu bat, eta Google Mapsen mapa bat inprimatuta, Guardia Zibilaren kuartel bat ageri zena —eta 50 denda eta bi kultur etxe eta zenbait metro geltoki, eta...—. Froga gisa halako armategi eskasa zuela, Espainiako Guardia Zibila saiatu da terrorismoa eta matxinada egozten Viladecanseko emakume bati. Basakeria hori hain zen itzela, non Auzitegi Nazionalak berak ere uko egin dion onartzeari.

Hala ere, mugimendua indarrean dago, eta ez nolanahi. Politikariek eta komunikabide monarkikoek kriminalizazio prozesu batean sartu dituzte CDRak, zeinak zuzenean edaten baitu zuen herrialdeko Zona Especial Norte operazio zoritxarrez famatu hartako jarraibideetatik. Kontua da disidentzia indarkeriarekin identifikatzea, behar den guztia manipulatuz. Emakume hori arma luzeko operazio batean atxilotu zuten, inoren bizia arriskuan egon balitz bezala.

CDRak erreferendumarekin batera jaio ziren. Bizilagun taldeak antolatzen hasi ziren, naturalki, bozkalekuak defendatzeko. Hortik dator jatorrizko izena: erreferenduma defendatzeko batzordeak. Bi egun geroago, greba orokorra iragarri zenean, izena aldatzen hasi zen, eta orduan hasi zen hitz egiten errepublika defendatzeko batzordeei buruz.

CDRak ez dira antolakunde tipikoa. Ez dute auzotik edo herritik haragoko egiturarik, gutxieneko koordinazio bat bakarrik, batik bat sareen bidez funtzionatzen duena. Horixe da, hain justu, haien funtsa. Herri erakundeak dira, adin eta ideologia guztietako jendeak parte hartzen du, mugimendu sozial izugarria dute, eta erabat bateragarriak dira ANCrekin eta alderdiekin. Ziur asko, horregatik diete hainbesteko beldurra, eta azpijoko arraroak asmatu beharra daukate, aste honetan ikusi duguna bezalakoxeak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.