Vicent Partal.
ENBAXADA BILA

Eskerrik asko

2018ko maiatzaren 6a
00:00
Entzun
Ostirala egun hunkigarria izan zen. Ziur nago zuentzat are hunkigarriagoa izango zela, baina nabarmendu nahi dut hemen ere, Herrialde Katalanetan, Euskal Herriaren lagun askok ikusi genuela hunkituta ETAren amaiera ekarri zuen ekitaldia. Ondotxo dakizu, Martxelo, kazetari katalan batzuek interes handiz aztertu dugula zuen herrian zer gertatzen zen; izan ere, zuen herriarengandik oso gertu sentitu izan gara beti, eta halaxe sentitzen gara gaur egun ere. Eta badakizu lanbideak eskatzen duen interesagatik egin dugula, baina baita elkartasun pertsonala dela medio ere, elkartasuna herritarrekin eta herriarekin.

Horregatik, ekitaldia zuzenean ikusten ari nintzela, ezinbestean gogora etorri zitzaidan zenbat aldiz esan dugun azken hamar urteetan, hainbat eta hainbat euskal kazetari, politikari eta lagunekin izandako hizketaldietan, zein beharrezkoa zen azkenean ostiralean gertatu zen hori. Hizketaldi zailak ziren batzuetan, oso tristeak bestetzuetan, esperantzaz beteak ere bai besteetan... baina esan beharra daukat beti izan zirela zintzo-zintzoak.

Eta, uzten badidazu, BERRIAn igandero oparitzen didazun txoko hau baliatu nahi nuke hizketakide zuoi guztioi eskerrak emateko. Eskerrik asko hain nekaezinak izateagatik, hainbeste saiatzeagatik, hainbeste bide zabaldu duten keinu txikiak egiteagatik, adore faltari hainbestetan aurre egiteagatik. Egun batzuetan, bazirudien ate guztiak itxiko zirela, eta, hala ere, egoskor, euskaldun askok ekinean segitu duzue, zuen nazioaren bizitzari beste orrialde bat irekitzeko beharra ikusita. Azkenean, lortu duzue, alde bakarrez, Espainiako Estatuak parte hartu nahi izan ez duelako. Eta horrek balio eta esanahi izugarria du. Orain, zain egongo gara bakearekin duzuen konpromisoak hegoak eman diezazkion Euskal Herriari, askatasunari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.