Vicent Partal.
ENBAXADA BILA

Dimentsio europarra

2018ko apirilaren 1a
00:00
Entzun
Jokalekua erabat aldatu du, berriz ere, Puigdemont presidentearen atxiloketak Alemanian. Llarenak agindutako atxiloketa berriek eta Marta Roviraren erbesteratzeak gertatzen ari zenari buruzko pertzepzioa erabat aldatu bazuten, Katalunia barrutik, Puigdemonten atxiloketak Kataluniako kausa Europako politikaren erdigunean jarri du, modu saihetsezinean.

Katalunia barruan, 155.aren blokea egunetik egunera gehiago hausten da. Asteazkenean, parlamentuaren osoko bilkuran, alderdi sozialista lehen aldiz PPtik aldendu zen, eta ez zuen botorik eman parlamentuko presidenteak dimititu zezan. Sozialistak bilatzen ari dira modu bat iraganeko gertaeretatik aldentzeko, eta, berriz ere, barne arazo larriak izaten hasi dira —presoen alde edo 155.aren aurka bozkatzen duten udalak—. Haien zinismoa ahoan bilorik gabe salatzen dute independentistek, baina, era berean, guztiek esaten dute jarduteko modu aldaketak zantzu onak iradokitzen dituela.

Bereziki orain, eskandaluak Europara salto egin duenean eta kontinente mailako dimentsioa hartu duenean. Inork ez daki zer gerta daitekeen. Aurreikus daiteke Eskoziak, Belgikak eta Suitzak estradizioei uko egitea eta Alemaniak, aldiz, Generalitateko presidentea Espainiara bidaltzea. Ez da berehalakoa izango, ezta erraza ere, baina ziurrenik prozesuaren punturik giltzarriena izango da. Europako iritzi publikoa gero eta kritikoago agertzen da Espainiarekin, eta Alemaniak estradizioa ematen badu baina beste estatuek ez, egoera esplikatzea oso zail bilakatuko da Europarentzat. Eta batez ere Merkel moduko batentzat, oso gaizki irten litekeelako afera honetatik, irudi zaurituarekin. Europako Justizia, egia da, ez da Espainiakoa bezalakoa, eta ez dago gobernu baten menpe. Baina zail egiten da sinesten auzi honen ertz politikoak (larriak) ez dituela aintzat hartuko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.