Vicent Partal.
ENBAXADA BILA

Erabat aldaturik

2018ko ekainaren 3a
00:00
Entzun
Aste honetan dena aldatu da ostera. Mariano Rajoy ezin pozikago zegoen aurrekontuak onartu direlako, eta, zazpi egunen buruan, ezin ozpinduago egongo da, trantsizioaz geroztik zentsura mozioa galtzen duen lehenbizikoa baita. Bere agintaldiko urteetan erein duen gorrotoaren biktima izan da Rajoy. Ez da batere normala, hain bakarturik geratzea, hain bere baitan bilduta. Hilabeteak igaro ditu sokatik tira eta tira, tenka eta tenka, eta, azkenean, hautsi. EAJren espektakulua ulertzeko—orain aurrekontuak babestu eta orain zentsura mozioan guztiz txikitzeko erabaki hori—, kontuan hartu behar da zein berezia den oraingo garai hau. Rajoyk lur kiskalia besterik ez du utzi, eta ikusiko dugu nola ateratzen diren sartu diren zulo horretatik.

Horren ifrentzua ez da munta gutxikoa. Urriaren 1eko erreferenduma egin eta Kataluniaren independentzia deklaratu eta hilabete gutxi batzuetara, Espainiako Estatuak bere aurpegirik samurrena berreskuratu du, eta urrian hartatik bereizi nahi zuten alderdiak pozik eta alai daude, zergatik eta 155.a ezartzearen hiru bultzatzaileetako bat jarri dutelako Espainiako gobernuburu. Bai zure herrian eta bai nirean, badago esaten duenik ona ere izan daitekeela. Nik duda handiak ditut. Alderdi nazionalistek eta independentistek opari eman diote botoa bost minututik bost minutura diskurtsoa aldatzeko kapaza den politikari bati. Urriaren 1ean, iragarri zuen indarkeria ikertzeko batzorde bat eskatuko zuela, eta, hogeita sei egun geroago, Kataluniaren kontrako indarkeria judizial guztiaren alde bozkatu zuen. Orain dela astebete, arrazista deitu zion Torrari, eta ostiralean, berriz, independentistak goretsi zituen, Torraren aldeko botoa eman zutelako. Hark, behintzat, irabazi du, hori seguru. Guk irabaziko dugun, hori ikusteko dago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.