Vicent Partal.
ENBAXADA BILA

Urratsak

2018ko martxoaren 4a
00:00
Entzun
Denborak esango du zer esan nahi duen aste honetan gertatu denak. Kataluniako Parlamentuak amore eman dio estatuaren presioari, eta ez du Carles Puigdemont izendatu Generalitateko presidente. Junts Pel Sik eta CUPek ezin izan diote ERCri ikusarazi hori beharrezkoa zela. Amore ematea beti da txarra, eta, alde horretatik, huts egin digutela sentitzen dugu boto emaile askok. Abenduaren 21aren inguruko ahaleginek ez dute espero izandako emaitzarik izan. Orain, ikusteko dago ea parlamentuak Jordi Sanchez ez inbestitzeko presioari ere amore emango dion ala ez. Legeari dagokionez, ez dirudi Sanchez kartzelan duen gobernu bat errazagoa denik, ezta eraginkorragoa ere, Puigdemont deserrian duen gobernu bat baino. Baina ea zer iritzi duten gure diputatuek.

Berriz hasiko naiz. Arestian galdetu baitut zer esan nahi duen aste honetan gertatu denak; bada beste aukera bat. Moncloak irrikaz hartu du Puigdemontek egin duena, albo batera urrats bat egin duelakoan. Baina niri aurrerako urrats bat iruditzen zait, beste ezer bainoago. Izan ere, parlamentuaren oniritziarekin, Puigdemontek adierazi du eratuko direla errepublikaren instituzioak, gobernuak urriko deklarazioaren ostean sortzen asmatu ez zuen horiek. Instituzio horiek barneko gobernuarekin elkarlanean jardungo dute, errepublika gorpuztu eta Espainia estutzeko. Eta aurreneko kolpea, zuzenean: auzibide juridiko bat, NBEn.

Bi ikuspegitatik begira diezaiokegu gertatu denari. Itxaron egin beharko dugu, gauzak zertan zehazten ote diren. Baina bada ezbaian jarri ezin den egia bat: ez da gertatzen ari Rajoyk nahi zuena. Estatu kolpearen eta abenduaren 21eko hauteskundeen bidez sortu nahi zuen Katalunia autonomista ez da existitzen; errepublika ere ez. Baina gaur atzo baino formalagoa da haren existentzia, eta hori ezin du inork ukatu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.