Pello Osoro. Neguko triatloilaria

«Espero baino hobeto ibili naiz Italian»

Lehen aldia izan du elurretan korrika eta mendiko bizikletarekin. Non eta munduko txapelketa batean. Ez da gaizki moldatu, eta ikasi egin du hurrengo baterako.
GORKA RUBIO / FOKU

Unai Ugartemendia -

2019ko otsailak 12
Munduko Txapelketa jokatu eta biharamunean, pozik dago Pello Osoro. Lehen aldia izan du munduko onenekin lehian, eta, azkenean, hamazazpigarren postuan amaitu du Asiagoko proban (Dolomitak, Italia). Esperientzia biltzeko ezinbestekotzat jo du txapelketa. Espainiako Txapelketa irabazi zuen hara joan aurretik.

Estreinakoz izan zara Munduko Txapelketan. Zer-nolako esperientzia izan da?

Berez, korrikako zatiak eragin beharko lizkidake arazo gutxien, baina errepideko korrikalaria naiz, eta asko sufritu nuen. Itota nindoala sentitu nuen probaren zortzi kilometroetan, eta espero baino denbora gehiago galdu nuen. Gero, bizikletako zatian, beldur handia nuen. Niretzat berria zen bizikletan elurretan ibiltzea, eta baldar antzera ibiltzea espero nuen. Denbora onenetara gerturatu ez banintzen ere, espero baino hobeto ibili nintzen, eta nahiko balorazio positiboa egiten dut. Bukatzeko, eskian espero baino denbora gutxiago galdu nuen onenekin alderatuta, eta, horren eraginez, lasterketa oso sentsazio onekin bukatu nuen.

Beraz, guztia izan da berria: maila, probaren egitura...

Bai, maila oso handia izateaz gain, lasterketaren egiturak ere ez dauka hemengoekin edo ingurukoekin zer ikusirik. Hemen, korrika errepidean egiten dugu beti, eta bizikleta ere bai. Han, berriz, dena elur gainean egin genuen.

Ba al zenuen asmo zehatzik txapelketarako?

Dena berria zen, eta banekien ia ezinezkoa izango zela emaitza on bat lortzea. Munduko onenak zeuden irteeran, eta hori gutxi ez eta nire lehen lasterketa zen guztiz elur gainean. Ikastea zen helburu nagusia, eta beste urteren batean errepikatzea merezi zuen edo ez ikustea.

Espainiako Txapelketarekin ere gustura gelditu al zinen? Espero bezala joan al zen dena?

Ez zen izan espero genuen modukoa. Neguko triatloietan izaten den moduan, korrika, bizikleta eta eskian egiteko asmotan joan ginen Soria aldera. Negua oso gaizki hasi genuen elur faltagatik, baina bazirudien azken elurte handiarekin proba ondo aterako zela. Azkenean, tamalez, ez zen behar zuen moduan atera.

Neguko triatloi askorekin gertatzen den bezala, ez zen posible izan triatloia osatzea.

Neguak izan zuen hasierarekin esperantza gutxi neukan, baina azken bi asteetan kontua asko aldatu zen, eta oso itxura ona hartu zuen. Hiru egun lehenago argi neukan lasterketa on bat izango genuela, baina haize gogorrak asko aldatu zuen egoera, eta antolatzaileek eskiko zatia kentzea erabaki zuten.

Hainbeste denboran prestatzen aritu ondoren, gogorra behar du.

Gogorrena ilusioz prestatu duzun proba batean ezin lehiatu ahal izatea da. Denbora luzea pasatu dut proba prestatzen, eta amorrua ematen du azken unean aldaketa hori izateak. Hala ere, nahiago nuen egin genuena egitea eta etxera lasai itzultzea, lasterketa bertan behera uztea baino.

Eskiko proba ez jokatzea erabaki zuten antolatzaileek. Zure kasuan, onerako edo txarrerako zen erabakia?

Esango nuke eskiko proba kentzea nire kontrakoa zela. Hala ere, lehen postua eskuratu eta gero, ez dago ondo hori esatea. Batek daki eskiarekin zer pasatuko zen. Aukeratzen jarrita, hiru probak egitea zen onena niretzat, zalantzarik gabe. Ez naiz eskiatzaile petoa, baina elurretan ondo moldatzen naiz.

Planteamendu berezirik egin al zenuen?

Aldaketak baldintzatu zuen lasterketa. Ondo nekien kontua asko aldatu zela eskiko zatia kentzean. Beste jende bat kontrolatu beharra zegoen, korrikalari azkarrak batez ere. Indartsu sentitu nintzen, eta korrikalari onenak bizikletan atzean uzteko estrategia ondo atera zitzaidan.

Denbora luzez asko entrenatu nintzen, eta, azken asteetan atseden on bat hartu eta gero, oso indartsu sentitu nintzen. Asteburutik atera nuen gauza positiboena sentsazio onekin korritzearena izan zen.

Nolako lehia izan zen zeure anaiaren eta Ramon Ejedaren aurkakoa?

Hasiera batean esango nuke, eskiko zatia kenduta, Ejeda zela faborito nagusia. Argi neukan bera kontrolatu beharra neukala, oso korrikalari ona baita. Lehen korrika zatia biok batera egin genuen, talde nagusiari metro batzuk hartuta. Bizikleta hartzean, nuen guztiarekin egin nuen eraso eta metro batzuk atera nizkion. Berak atzera begiratu eta zain geratzeko erabakia hartu zuen, gero, laguntzarekin, berriro niregana gerturatzeko. Kontua da atzetik etorri zitzaiona nire anaia izan zela, eta, ni bakarrik joanda, ez zion laguntza askorik eman. Esango nuke hor galdu zuela, bi anaien erdian topatu zelako. Gero, anaiak egin zuen Ejeda atzean uzteko ahalegina, baina ez zuen lortu, eta azken korrika saioan Ramon gehiago izan zen.

Noiz sentitu zinen probako garaile?

Bizikleta saioaren erdialdean gurutzatu egiten ginen, eta atzean anaiaren eta Ejedaren artean ez zutela elkar ulertzen ikusi nuenean, banekien lasterketan dena alde neukala.

Ejeda han zela ikusita, espero al zenuen garaipena?

Irabaztea helburua zen, baina espero nuela esatea larregi da. Indartsu sentitzen nintzen, baina batek daki; jende ona zegoen irteeran. Duatloia bilakatu eta gero, uste nuen postu on lortuko nuela, baina ez nuen espero Ejedaren aurretik bukatzea.

Denboraldia oraintxe hasi berri duzu.

Asteburukoa denboraldiko lehen lasterketa izan nuen; beraz, lehen postua lortuta, ondo doala esan behar.

Udan triatloietan murgilduko al zara?

Oraingoz, neguko triatloien denboraldian zentratu nahi dut. Italiatik bueltan, Reinosan izango naiz [Kantabria, Espainia], eta martxoan, berriz, Anson [Aragoi, Espainia]. Duatloi luzeko Espainiako txapelketan ere parte hartuko dut, baina negukoak helburu hartuta. Negua pasatakoan, txipa aldatu eta triatloi denboraldian zentratuko naiz, distantzia erdian eta luzean batez ere.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna