Greban klimaren alde

Bihar, mundu guziko ikasleek klima aldaketaren kontrako protestak eginen dituzte. Euskal Herriko deialdietan Frantziako eta Espainiako gobernuak jarri dituzte jomugan.

Otsailean Herbereetako ikasleek klima aldaketaren kontra egindako protesta bat.
Otsailean Herbereetako ikasleek klima aldaketaren kontra egindako protesta bat. REMKO DE WAAL / EFE

Ekhi Erremundegi Beloki -

2019ko martxoak 14

Gure liderrak haurren gisara portatzen ari direnez, behartuak gara aspalditik beren gain hartu beharko zuketen erantzukizuna asumitzera». Greta Thunbergen hitzak dira. 16 urteko suediar gaztea klima aldaketaren kontrako borrokaren ikur bilakatu da, Suediako Parlamentuaren aitzinean egin dituen protesten harira. Irailetik hona, ostiralero mobilizatu da Klimaren aldeko ikasle greba pankarta eskuetan zuela.

Haren ereduari jarraitu diote mundu guziko milaka ikaslek; 270 herrialdetan egin dituzte protestak. Martxoaren 15ean, bihar, nazioarteko mobilizazio bat antolatu dute Friday for the future — ostirala etorkizunaren alde— lelopean, eta greba egitera deitu dituzte ikasleak. Euskal Herrian ere izanen dira deialdiak: Baionan, Gasteizen, Bilbon eta Donostian.

«Thunbergena ikusi genuen, baita beste herrialdeetan ikasleak mobilizatzen ari zirela ere. Frantzian ez zegoen ezer berezirik, eta pentsatu genuen: zergatik ez Ipar Euskal Herritik hasi?», azaldu du Luzio Lizarralde Baionako Cassin lizeoko ikasleak. Bakoitza bere inguruko jendeari deika hasi zitzaion, eta, berehala, hogei bat gazte elkartu ziren; hiru herrialdeetako lizeo gehienetako ikasleak. Bilkurak egiten eta sare sozialetan komunikatzen hasi ziren.

Bilbon ere hainbat adinetako ikasleak bildu dira biharkoa antolatzeko. «Ikasleak beti izan dira boterearen kontrako presio indar bat», dio Elisa Ferrazek. «Gobernuak neurri eraginkorrak har ditzan nahi dugu». Espero dute bigarren hezkuntzatik unibertsitaterako ikasleek parte hartuko dutela .

«Ez dit Thunbergek piztu argia; gurasoengandik jadanik kontziente nintzen egoeraz», azaldu du Lizarraldek. «Ez dut gaiaz interes partikularrik; ez dut maite horretaz mintzatzea. Baina nire biziaz mintzo gara. Ez da interes bat, behar bat da; daukadan kezka bat. Beraz, nik aldarrikatzen dut, eta erraten dut ez nagoela ados. Handienek nire geroa lapurtu didate, nire aurrean», salatu du. Lizarralderen hitzetan, bakoitzak zerbait egin dezake, bere neurrira, egoera hobetzeko. «Guk bizikleta hartzen dugu, manifestazioak egiten ditugu... Baina pentsa Macronek zenbat gauza egiten ahal duen!». Haren hitzetan, Nazio Batuen Erakundeak bultzatutako txostenak «biziki argi» dio zer egin behar den. Otsailaren 22an, Macronek harrera egin zion Thunbergi Eliseoan. «Laguntza eskatu zion presidenteak. Hor, gutaz trufatzen da! Begietara begira erraten digu gutaz futitzen direla eta ez dutela deus eginen. Dena egin lezakete, eta erabaki dute deus ez egitea», erantsi du, haserre.

Nola egin mugitu nahi ez duten politikariak erreakzionarazteko. Gogoeta hori izan dute Friday for the future dinamika bultzatzen ari diren gazteek. Lizarralde: «Hor zerbait bada: mundu guzian egiten dira grebak. Frantzian bertan ehun bat mobilizazio izanen dira; sekulako presioa ematen ahal diogu Macroni, klimaren gaineko larrialdi egoera ezarri dezan, adibidez. Pixkanaka egin beharko da, baina aldaketa erradikalak beharko dira. Batzuk ez dira ohartzen horrek zer erran nahi duen, baina gure bizitzak erabat aldatu beharko ditugu».

Azken asteetan lanean aritu dira beste ikasleak mobilizatzera bultzatzeko, eskolaz eskola igaroz eta sare sozialak astinduz. Igandean, Angeluko La Barre hondartzaren (Lapurdi) garbiketa antolatu zuten. «Kontzientzia» piztea baita garrantzitsuena, Lizarralderen hitzetan. Biharkoa «ikusgarria» izanen dela espero du; «ez gurasoen manifestazioak bezain motela». Hego Euskal Herrian mugimendu txikiagoa espero dute. Ferrazek dio berandu hasi zirela; hala ere, espero du ez dela egitasmo bakarra izanen, eta pixkanaka mobilizazioa handituko dela.

Motelegi, eta bide okerretik

Ziabogarik ez Lurrarentzat

«Trantsizio energetikoak politikaz harago doan adostasuna beharko du»

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna