Non da txio hotsa?

Behea jota dago Las Palmas.Tokitan gelditu da iragan sasoi hasierako talde erakargarri hura. Jaitsiera postuetatik atera ezinik dabil. Partida erabakigarria jokatuko du gaur Alavesen zelaian.
Vitolo Las Palmaseko jokalaria, etsita, aldagelekarako bidean.
Vitolo Las Palmaseko jokalaria, etsita, aldagelekarako bidean. Q. CURBELO / EFE

Eñaut Agirrebengoa

2017ko abenduak 8
Triste dago kanarioa. Txiorik ez du egin aspaldi honetan. Europako postuak bere ohiko kantuaz, alegia, futbol alaia jokatuaz, erakartzeko ilusioa zuen denboraldi hasieran. Haatik, negua oso azkar heldu zaio, eta ez dago txioka aritzeko umorez. Sasoi oso makurra ari da bizitzen Las Palmas. Uzta oso eskasa jaso du lehen hamalau jardunaldietan: hiru garaipen, berdinketa bat eta hamar porrot. Balantze horrekin, ez da harritzekoa une honetan putzuan sartuta egotea. Hemezortzigarrena da sailkapenean, hamar puntu eskasekin. Ametsak zeharo zapuztu zaizkio; amesgaiztotik iratzarri beharrean da orain.

Manolo Marquezen aginduetara hasi zuen denboraldia. Bigarren taldearekin lan oso txukuna egina zen Marquez, eta azken bi denboraldietan klubak hartutako bide eta estiloari jarraipena emateko erronka zuen. Baliabideak bazituen horretarako; lehen sei partidetatik, baina, lau galdu zituen Las Palmasek, eta dimisioa emana zuen Marquezek. Bere burua ez zuen gai ikusi egoerari buelta emateko. Bai, ordea, Pako Aiestaranek. Beasaindarra izan zen Kanaria Uhartekoen aulkian esertzen hurrengoa.

Bada, grisa beltz bihurtu zen harekin. Las Palmasek sei partida galdu zituen bata bestearen atzetik. Zazpigarrenean, bina egin zuen Anoetan, Realaren aurka. Susperraldiaren abiapuntua izan zitekeen. Aitzitik, galdu egin zuen hurrengo partida, iragan ostegunean, Deportivoren aurka, eta gainezka egin zuen edalontziak: zuzendaritzak kargutik kendu zuen Aiestaran. Aurki izendatuko du ordezkoa. Tratua eginda dauka Jorge Almironekin. Argentinarra txapeldunorde izan berri da Libertadores Kopan, Lanusekin, eta tramite burokratikoak gainditu zain dago sinatzeko.

Setienen itzal luzea

Erronka zaila izango du entrenatzaile berriak, oso txarra baita Las Palmasen dinamika. Ez du kalitate eta talentu falta. Hor daude Viera, Tana, Lemos, Aquilani, Vitolo, Remy… Ordea, iparra galduta dabil, eta hori ez da sasoi honetako kontua soilik. Esne mamitan izan zen iragan denboraldiko lehen zatian, baina nabarmen egin zuen behera bigarren itzulian. Sasoia amaitzean beste norabait joango zela iragarri zuen martxoan Quique Setien teknikariak, eta, geroztik, taldeak ez du burua altxatu. Jokalarien jarrera ezbaian jarri izan da maiz.

Gauzak hala, gaur Alavesen kontra neurtuko ditu indarrak Las Palmasek, Mendizorrotzan. Betisi irabazi zion iragan jardunaldian, eta beste garaipen batekin jaitsiera postuetatik atera liteke. Alaves, bere aldetik, uhartetarrengandik puntu bakarrera dago, eta Gironaren kontra egindako balentriak erabat hauspotuta. Arabarrek Sobrino eta Elyren hutsuneak izango dituzte; ordea, bueltan dira Manu eta Santos, partida bateko zigorra bete ondotik. Ez dirudi Abelardok hamaikakoan iraultzarik egingo duenik. Etxean zuzenduko duen lehen partida du.

ALAVES-LAS PALMAS

Alaves. Pacheco; Martin, Alexis, Martipan, Duarte; Manu Garcia, Medran; Ibai, Burgui, Pedraza; eta Munir.

Las Palmas. Lizoain; Macedo, Lemos, Navarro, Dani Castellano; Javi Castellano, Vicente Gomez, Viera; Remy, Calleri, Tannane.

Epailea. Medie Jimenez.

Lekua. Mendizorrotza (19.840 ik.).

Ordua. 21:00 (BeIN).

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna