Arrauna. Euskotren Liga

Lehen kolpea eman du

Arraun Lagunak izan da azkarrena Coruñan, Euskotren ligako lehen jardunaldian. 1,98 segundoko tartea du Donostiarrarekiko

Arraun Lagunak-eko arraunlariak garaipena ospatzen, atzo, Euskotreneko lehen jardunaldian, Coruñan. EUSKO LABEL LIGA.
Mikel O. Iribar.
2021eko uztailaren 4a
00:00
Entzun
Neguko test eta jaitsieretan Arraun Lagunak-ek eman zuen maila Euskotren ligako lehen jardunaldian berretsi zuen, atzo, Coruñan (Galizia). Juan Mari Etxabek zuzendutako taldea nagusi izan zen, eta Andrea Astudillo patroiak liderraren elastikoa jantzi zuen. Dena den, denboraldiko lehen bandera gaur erabakiko da (11:40, ETB1), tarteak txikiak izan baitziren, batez ere lehen hiru ontzien artean. Donostiarra garailearengandik 1,98 segundora helmugaratu zen, eta Orio iazko Euskotren ligako txapelduna, 5,48ra. Hondarribiak, bestalde, atzerapen handia izan zuen: 31 segundora iritsi zen. Atzoko jardunaldiak, behinik behin, agerian utzi du ez dagoela alde handirik banderaren lehiaren borrokan ibiliko diren taldeen artean.

Zoriak hala erabakita, Donostiarra joan zen aurrenekotik, eta Arraun Lagunak irabazlea bigarrenetik. Orio azken bi urteetako ligako txapeldunari hirugarren kalea egokitu zitzaion, eta Hondarribia, bestalde, laugarren kaletik aritu zen. Arraunlariak soilik ez dira urduri jartzekoak, baita epaileak ere. Atzo horren adibide izan zen. Lehen irteera baliogabetua izan zen, epaileek izan dituzten arazo teknikoak tarteko. Bigarrengoa, ordea, balekoa izan zen. Lehen txanpa bizi eta erasokor horretan, oriotarren branka aurretik zen, baina Arraun Lagunak eta Donostiarra ez ziren urrun. Hondarribiak, aldiz, lau segundoko galera zuen. Mendebaldeko haize zakarrak itsasoa narrasten zuen, eta lau ontzietako patroiek galtza bete lan izan zuten trainerua ongi gogortuta eramateko. Kanporanzko luzean, lau ontziak zanbuluka zenbiltzan arren, azpimarragarria izan zen Donostiarren paladen erritmoa; beste hirurak baino sarriago zeraman: minutuko 38 palada.

Paladak paladak, ziabogara iritsi zen lehena Donostiarra izan zen, baina alde txikiarekin; gainean baitzituen Lugañene eta San Nikolas ontziak. Nerea Perezek gidatutako taldeak Arraun Lagunak-i segundo bakarra atera zion, eta Oriori, lau. Hondarribiarrek, berriz, gogotik sufritu zuten laugarren kaletik, eta hamabost segundo beranduago jiratu zuten euren ontzia.

Ontzia biratu eta berehala, Arraun Lagunak, Donostiarra eta Orio segundo berean jarri ziren. Olatuak ez ziren apartekoak, baina bai nahikoak ontzia bultzatzeko. Batek joaldia egiten zuenean,besteak segituan erantzuten zuen. Lehia handia izan zuten hiru ontziek, arraunzaleen gozagarri. Bistakoa zen olatu bakoitzak balio handia zuela, eta hiru ontziek ezin zutela hutsik egin. Borroka estu hartan, Arraun Lagunak-eko Andrea Astudillo patroia eroso zihoan: Lugañene ontzia orekatuta zeraman.

Azken bi minutuetako ahalegin horretan, Arraun Lagunak-ek Donostiarrari eta Oriori tartea zabaltzea lortu zuen. Xanti Zabaletarenak atzean geratu ziren, etaDonostiarrak bakarrik eutsi izan zion azken txanpara arte. Nerea Perez patroiak arraunlariei paladak sarritzeko eskatu zien, baina berandu. Arraun Lagunak-i ez zion garaipenak ihes egin, eta, hala, Coruñako lehen jardunaldian gailendu ziren, baita sailkapeneko lehen lau puntuak zakuratu ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.