Ultima Thule objektu urrunaren aldea

2019ko urtarrilaren 4a
00:00
Entzun
Txinatarrak Ilargiaren alde urrunean gailu bat lurreratzen zuten bitartean,NASAko New Horizons zundak mugarria ezarri du Eguzki Sistemaren mugetan. Gizakiek egindako gailu batek inoiz bisitaturiko objekturik urrunenaren aldamenean pasatu zen zunda, eta Ultima Thule deituriko planeta txikiaren irudiak bidali ditu Lurrera.

Kuiper Gerrikoan dago Ultima Thule, Neptuno planetaz harago, Lurretik 6.000 milioi kilometrora. Bi gorputzez osaturik dago: Ultima eta Thule. Azkena lehena baino hiru aldiz txikiagoa da. Biek batera, 31x19 kilometroko objektua osatzen dute. «Txapela kentzekoa da New Horizons-ek eginikoa, sinestezina», esan du Jose Felix Rojas astrofisikariak. Misioak interes zientifiko erabatekoa duela esan du irakasleak, Txinak Ilargian egindakoarekin alderatuta, ez duelako asmo komertzialik. «Zientzia hutsa da».

Baina ez da azken egunetako arrakasta bakarra: Urtezahar egunean, NASAren Osiris-Rex zunda Bennu asteroidearen inguruko orbitan jarri zen. Objektua aztertzen emango ditu datozen hilabeteak, besteak beste haren masa kalkulatzeko. Datua interesgarria da, Bennu asteroide arriskutsua baita. Kalkulatu dutenez, Lurra jotzeko 2.700 aukeratik bat izango du, 2175. eta 2199. urteen artean. «Orain arte ez da lortu gailu bat asteroide baten inguruan orbitan jartzea», esan du Rojasek. 2020. urtean, lagin bat hartuko du zundak, eta Lurrera itzuliko da horrekin 2023rako.

Ez da ahaztu behar japoniarrek ere misio interesgarri bat dutela martxan egunotan. Hayabusa 2 zundak —belatz handia esan nahi du— 162173 Ryugu asteroidearen hautsa bilduko du, eta Lurrera ekarriko du. Edonola ere, ez dituzte data zehatzak aurreratu. «Ekialdekoak bereziak dira gauza hauetan, oso hermetikoak».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.