2010-2020ko planaren helburuak «aise bete dira»

2022ko urriaren 23a
00:00
Entzun
Ostraken auziak ez ezik, krisi ekonomikoak ere erabat baldintzatu zuen Iruña-Veleia aztarnategiaren jarduna aurreko urteetan, Ana del Val Arabako kultura diputatuak Batzar Nagusietan aitortu zuenez. Plan berria aurkeztez gain, aurreko plan zuzentzailearen ondorioen berri emateko ere baliatu zuen hitzartzea diputatuak. «2010-2020 plan zuzentzailearen bidea ez da erreza izan. Zailtasun ugari izan zituen. Hala ere, helburu guztiak aise bete dira. Ikerketek agerian utzi dute aztarnategiaren garrantzia». Hori bera berretsi zuen Javier Fernandez Bordegaraik ere, Arabako museo sarearen zuzendariak: «Lortutakoa ez da gutxi».

Bi lan ildo nagusitu dira azken urteetan: hegoaldeko sarbidearen inguruko harresia egonkortu eta zaharberritu da, batetik; eta erromatarren garaiko azoka edo macellum baten egituraren hondakinak azaleratu dira, bestetik, «ikerketarako gune berri bat sortuz».

Harresia Iruña-Veleiako arkitektura elementurik «garrantzitsuena» da, adituen esanetan. Tamainak egiten du bereizgarri: 1.200 metro inguruko luzera dauka, bost metro inguruko batez besteko zabalera, eta bederatzi metroko altuera gune batzuetan. Murru horren 100 metroko zatia egonkortu da.

Harresi horren kanpoko aldean geratzen da azoka. Hasieran eremu handiagoa induskatu behar bazuten ere, 2.000 metro karratuko eremua aztertu da azkenean. Galtzadaren zati bat eta I. mendean eraiki eta komertziorako erabili izan zen eraikin baten aztarnak egonkortu, eta begi bistan utzi dira.

«Urte hauetan egindako lana izugarria izan da», esan zuen Fernandezek. 30.000 pieza baino gehiagoren inbentarioa egin baita: zeramikazko ontziak, tresnak, txanponak, haurren gorpuzkiak... Memoria txostena eskuragai jarri dute aldundiaren atarian.«Ikerketa ildo zirraragarriak zabaldu dira; horiek zabaltzea dagokigu orain. Espero dezagun eztaibaida zientifikoa aberastea, eta Iruña-Veleiari dagokion tokira itzultzea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.