Familiaren izenean

Shakespeareren 'Lear erregea' lanean oinarritutako eleberria idatzi du Preti Taneja idazleak, baina India garaikidera egokitu du istorioa, eta ezustea eragiten duten zenbait aldaketa gehitu dizkio.

Preti Taneja, We that are Young nobelaren idazlea. BERRIA.
2019ko irailaren 15a
00:00
Entzun
Izenburutik bertatik antzeman daitekeen bezala, William Shakespeareren Lear erregea antzezlanean (1606) oinarriturik dago Preti Tanejaren We that Are Young nobela (Gu gazte garen hauek, 2017). Lehenengoan kontatzen zaigu Lear erregeak, bere jabetza guztiak hiru alaben artean nola banatu erabakitzeko, ondoko proba hau jartzen diela: zenbat maite duten erakutsi behar diote. Bi alaba zaharrenek aitaren nahiari jarraitzen diote, eta harekiko maitasuna ondasun materialekin konparatzen dute. Gazteenak, ordea, uko egiten dio jokuan parte hartzeari, pentsaezina baitzaio afektu kontuei hain modu azalekoan heltzea. Bestela pentsatzen du aitak, ordea; bere erreinua bi alaba zaharren artean banatzen du, eta gazteena erbestera behartzen du. Luze jo gabe ohartuko da Lear erregea egindako okerraz, botere goseak jota, alaba zaharrenek berehala baztertuko baitute behin errege izandakoa. Hala, alaba gaztearen bila abiatuko da ordena berriro ezartzen lagunduko diolakoan; alferrik, ordea, jadanik abian den tragedia gelditzerik ez baitago.

We that Are Young-en ere aita bat eta haren hiru alaba dira gertaeren abiapuntua: adinean sarturiko Devraj Bapuji aitak Konpainia izeneko saltoki eta enpresa monopolioa Gargi, Radha eta Sita alaben esku uztea erabakitzen du, baina bere erretiroa ofizial egin aurretik, txikitatik ezer jaso aurretik igaro behar izan duten maitasun eta leialtasun adierazpen proba jartzen die beste behin ere alabei.

Patriarka hinduaren eskaria Ingalaterrako bardoaren antzezlanean Lear erregeak jartzen duenaren bera da, baina ezin esan daiteke Tanejaren nobela aurrekoaren berridazketa hutsa denik. Hain zuzen, gertaerak India garaikidera egokitu ditu, eta ezusteko aldaketak dakarzkio istorioari. Esaterako, Bapujik urteekin bildutako aberastasuna eta boterea ulertzeko, kontuan hartu beharra dago kolonialismo garaietatik hona Indiako ekonomiak izandako bilakaera. Britaniar agintearen mende, goi kastetako zenbait familiaren negozioek bultzada handia jaso zuten, eta, 1947ko independentziaren ostean, negozio horiek monopolio bihurtu ziren. 1990eko hamarkadan, ekonomiaren irekiera bideratu zuten politika neoliberalak ezin hobeto egokitu ziren kasta sistema zurrunera, eta alderantziz; hots, botere politikoak zein ekonomikoak familia gutxi batzuen esku jarraitzen zuen.

Norbera, Indiaren irudi

Familia horien estrategia izan da, nobelako Bapujirena bezala, beren buruak Indiaren irudi moduan azaltzea: haiei kritikak egitea familia iraintzearen pare da, eta familia India bera da. Familia/herriaren izenean, ordea, bidegabekeria handiak egin daitezke. Kaxmirren, bere emazte zenaren lurraldean, luxuzko hotela zabaldu nahi du Bapujik. Azalpen ofizialaren arabera, Indiaren eta munduko lurralde militarizatuenetako bat denaren arteko harremana hobetzeko operazioa da, biek gozatuko dituztelako hotelak emandako etekinak. Baina errealitatean diru guztia Indiaren, hots, Bapuji eta bere kideen poltsikoetara joango da zuzenean, lan eskua bera ere Kaxmirren bertan kontratatu beharrean, Indiatik eramango baitu Konpainiak. Are gehiago, hotelak ateak irekiko dizkie Indiako konpainiei Kaxmirren, konstituzioko 370. artikuluan ezarritakoa indargabetuz —azken horren arabera, Kaxmirreko hiritarrek eta haien ondorengoek bakarrik eros dezakete lurra herrialdean—. Alde horretatik, eta iragan abuztuaren 5ean Indiako Gobernuak harturiko erabakia kontuan hartuta, nolabait profetikoa da Tanejaren nobela.

Badago liburuak nabarmentzen duen bigarren alderdi bat ere: genero kontuei ematen dien tratamendua. Lear erregea-n ez bezala, tragediaren parte diren emakumeen ikuspuntua ezagutzeko aukera ematen da nobelan. Hari horretatik tiraka, sexismoak indiar gizarteko arlo guztiak nola infiltratzen dituen azaltzen du testuak. Gargik eta Radhak Konpainiaren gaineko kontrola bereganatzen dutenean, India osora zabaldu diren ustelkeriaren kontrako protestez baliatuta —2011eko gertaerei erreferentzia egiten die datu horrek—, bi alaba zaharrenen kontrako difamazio kanpaina abiarazten du Bapujik. Alaba eta emazte ezegokiak izatea leporatzen die, emakume diren aldetik beren egitekoa baita familia, hau da, aita eta senarrak, beren aurretik jartzea.

Era berean, bere ustelkeria kasuen erantzule egiten ditu, nahiz eta orain arte Konpainiaren erabakietan esku hartzerik izan ez duten. Bapujik salatzen duenaren kontra, ordea, Gargik eta Radhak erakusten dute aitaren doktrina ezin hobeto ikasi dutela: familian zein negozioetan, manipulazioa eta bortxa erabiltzea beste biderik ez dagoela maitasuna eta leialtasuna lortzeko. Emakume diren aldetik, lezio garrantzitsua dute hori errespetua lortzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.