ETA desegin denez, Marlaskak ez dio zentzurik ikusten sakabanaketari

«Terrorismoaren kontrako neurri gisa» ezarri zutela dio; ez dela «espetxe politika bat». Sarek eskatu dio «errealitate bihurtzeko» esandakoak

Erredakzioa -

2019ko urtarrilak 18
Fernando Grande-Marlaska Espainiako Gobernuko Barne ministroak ukatu egin du sakabanaketa espetxe politika bat dela, eta zehaztu du bere garaian «terrorismoaren aurkako neurri» gisa ezarri zutela. Horiek hala, egun ETA deseginik, Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaile izandakoak ez dio zentzurik ikusten hura erabiltzen jarraitzeari.

Epaile ohiak zehaztu du, hala ere, ez duela sinesten «inor bereizi gabeko neurrietan», eta legeak bete egin behar direla, betiere «biktimen elkarteekin elkarlanean». Arlo horretan, gogorarazi du bera agintean denetik bi preso soilik gerturatu dituztela Euskal Herrira, biak Langraiz bidea izenekoa betez, ETAtik banandu zirenak eta biktimei barkamena eskatu zietenak. Dena den, Marlaskaren hitzetan, egun presoak hurbiltzeko garaian, «espetxe politikak» dira bete beharrekoak.

Hain zuzen ere, joan den asteburuan Sarek iragarri zuen bilera bat eskatuko diola Espainiako Barne ministroari presoen auziaz hitz egiteko. Bilbon eta Baionan egindako manifestazioen ostean egindako agerraldian iragarri zuten erabakia. Espainiako Gobernuak euskal presoei ezartzen dizkien salbuespen neurriak amaitu ditzala galdegin nahi diote ministroari. Atzo Marlaskak esandakoak «positiboak» direla esan zuen Sarek, baina «errealitate bihurtu» behar direla.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna