Polizia gehiegikerien biktimentzat, aitortzarako aurrerapauso «txikia» da

Garrantzia eman diote Poliziaren indarkeria aitortuko duen legea onartzeari. Ohartarazi dute biktimen «zati bat» soilik aitortuko dutela
Polizia gehiegikerien biktima batzuk, atzo, Donostian.
Polizia gehiegikerien biktima batzuk, atzo, Donostian. JUAN CARLOS RUIZ / ARP

Gorka Berasategi Otamendi -

2016ko uztailak 10
Polizia gehiegikerien biktimentzako legea aurrerapausoa da, indar polizial eta parapolizialen biktimen esanetan. Garrantzia eman diote Eusko Legebiltzarrak gisa horretako legea aitortzeari, orain arte «argitara atera ez den guztia» azaleratzen lagunduko duela iritzita. «Urrats txikia» dela ohartarazi dute, biktimen «zati txiki bat» soilik aitortuko dutelako. Polizia indarkeriaren biktima elkarteek salatu dute Eusko Jaurlaritzak ez diela aintzat hartu beren ahotsa.

Polizia gehiegikerien biktimak Donostian bildu ziren atzo. 1978. eta 1999. urteen artean polizia gehiegikerien biktima izandakoak aitortzeko Eusko Jaurlaritzak aurkeztu duen lege proiektua aztertzeko elkartu dira. Besteak beste, Egiari Zor, Martxoak 3, Torturaren Aurkako Taldea, Goldatu eta Etxerat elkarteetako kideak bildu dira.

Carmen Galdeano GALek eraildako Xabier Galdeano kazetariaren alabak BERRIAri adierazi dionez, «zapore gazi-gozoa» gelditu zaie Jaurlaritzaren proposamenarekin. Begi onez ikusten du neurria, biktima gehiago aitortzeko balioko duelako, eta 1960-1978 urteen arteko polizia indarkeriaren biktimek aitortza eskaria aurkezteko aukera izango dutelako berriz ere.

Galdeanoren esanetan, garrantzitsua da Jaurlaritzak legea proposatu izana, eta ez, aurretik egin bezala, biktimentzako dekretu soila. Juridikoki, «parekatzea dago» gainontzeko biktimekin.

Aldiz, Jaurlaritzaren proposamenari hainbat gabezia ikusten dizkiote. Aitortuko diren eskubide urraketak 1999. urtera arte mugatzea kritikatu du Galdeanok. Jaurlaritzak defendatu duenez, 1999tik aurrera egin diren urraketak preskribatuta ez egotea da muga hori ezartzearen arrazoia. Galdeanok, baina, ez dio zentzurik ikusten argudioari, eta nabarmen du ETAren indarkeriaren biktimak «hasieratik» onartu direla, «delituen preskripzioa itxaron behar izan gabe».

Bestalde, biktima gisa aitortua izateko eskaria aurkezteko epea bi urtera mugatzea ere arazo izan daiteke, Galdeanoren iritziz. «Mugarik gabeko sarbidea» eskatzen dute biktimek.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna