Oilarrak, kinka larrian

Artola-Imazek 22-21 irabazi diete Irribarria-Rezustari, eta Aspekoen egoera okertu dute. Baikokoak azken hiru partidatan gailendu dira

Iker Irribarria, etsita, huts bat egin ondoren, atzo, Labriten. IÑIGO URIZ / FOKU.
Julen Etxeberria.
2020ko otsailaren 2a
00:00
Entzun
Duela bi hilabete pasatxo Binakako Txapelketa aurkeztu zutenean, bi bikote jo zituzten faboritotzat: Iker Irribarriak eta Beñat Rezustak osatutakoa bata, eta Aimar Olaizolak eta Mikel Urrutikoetxeak osatutakoa bestea. Bada, ezusterik ezean, bietako batek lanak amaituko ditu lehen ligaxka bukatutakoan. Ataka estuan dira biak ala biak. Aspeko bikotea seigarren postuan da, lehian jarraitzeko aukera ematen duen azken postuan. Lau garaipen besterik ez ditu lortu 11 partidatan. Atzo, zazpigarrenez galdu zuen ligaxkan, Iruñean, Iñaki Artolaren eta Ander Imazen aurka: 22-21. Amildegiaren ertzean dira Irribarria-Rezusta, eta gaur are larriago egon daitezke, Olaizola II.a-Urrutikoetxeak Tolosan (Gipuzkoa), Jokin Altunari eta Ladis Galarzari irabazi, laugarren garaipena lortu eta haiekin berdinduz gero. Baikokoek galduz gero, aldiz, haiek leudeke kanpoan geratzeko arrisku bizian: hiru garaipen besterik ez, azken-aurrenak sailkapenean, eta gero eta egoera okerragoan.

Oso bestelako egoeran dira Artola-Imaz: bigarren dira, zazpi garaipenekin, Joseba Ezkurdiarekin eta Julen Martijarekin berdinduta, baina haiek tanto alde hobearekin. Aspaldi utzi zioten ezusteko izateari, eta bete-betean daude sartuta zuzenean finalerdietako ligaxkarako sailkatzeko lehian. Indartsu ekin zioten ligaxkari, txakalaldia izan zuten gero, baina suspertu eta sasoi betean dira berriz ere, azken hiru partidak irabazi baitituzte. Atzo ere behetik gora nagusitu ziren, batez ere azkeneko txanpan, 16-19 joan baitziren atzetik. Gogotik sufritu zuten irabazteko, baina sufrimenduak saria izan zuen azkenean.

Jaka-Zabaleta, ia sailkatuta

Eguneko beste partidan, Erik Jakak eta Jose Javier Zabaletak 22-16 irabazi zieten Unai Lasori eta Jon Ander Albisuri Idiazabalen (Gipuzkoa), eta horri esker, urrats ia erabakigarria egin zuten lehen postua ziurtatu eta finalerdietako ligaxkarako zuzenean sailkatzeko. Beste behin, Zabaleta izan zen neurketako onena: erakustaldia eman zuen. Laso-Albisu, ordea, bosgarren garaipena jarraian lortu gabe geratu ziren. Laugarren dira, sei garaipenekin, eta azkeneraino borrokatu beharko dira atariko kanporaketa saihesteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.