Arrauna

Duela bost urte bezala hasi da

Hondarribiak Coruñan irabaziz ekin dio Eusko Label ligari, eta hori azkenekoz 2015ean egin zuen. Gaur erabakiko da bandera, eta 1,90 segundo daude garailearen era Santurtziren artean

Hondarribia atzoko estropadan, ahalegin betean, Coruñan. EUSKO LABEL LIGA.
Aitor Manterola Garate.
2020ko uztailaren 5a
00:00
Entzun
Datua baino ez da, eta atzo hasi zen Eusko Label ligan zer gertatuko den azaltzeko ez du balio, goiz delako, baina Coruñako(Galizia) estropadan atzo gertatu zenak badu antzik Malagan(Espainia) 2015ean jazo zenarekin: atzo, eta duela bost urteko ekainaren 28an, Hondarribia garaile. Orduko hartan, hasi bezala amaitu zen liga, eta Mikel Orbañanosenek irabazi zuten lehiaketa.

Oraingoz, atzokoak ez dio ligarik ematen, ez eta bandera ere, bi egunetara jokatzen delako Coruñakoa. Gaur ere atzokoa bezalako lana egin beharko du Ama Guadalupekoa traineruak, gain-gainean duelako Santurtziko Sotera. 1,90 segundo baino ez daude bien artean, eta gaur eguerdian (12:10) erabakiko da. Azkeneko txandan izango dira biak, Urdaibairekin eta Oriorekin batera, baina bi horiek zailxeago dute azken garaipena eskuratzeko aukera, 16na segundo galdu zituztelako atzo Hondarribiarekiko.

Gaurko egoerara heltzeko atzokoa jokatu behar izan zuten lau talde horiek eta gainerako zortziek. Coruñako eremua «infernua» izan ohi da, asteon Beni Silva Cabo da Cruzeko entrenatzaileak definitu duen bezala, baina atzo ez zen ipar edo iparrekialdeko haize zakarrik, eta leun ez bazegoen ere itsasoa, arraunean egiteko baldintzak on-onak izan gabe, gaizto ere ez zegoen eremua. Txandak zozketa bidez banatu zituzten aurreko astean, eta Hondarribiari azkenekoan egokitu zitzaion, Urdaibai, Zierbena eta Kaikurekin batera. Ordurako, Santurtzi hegan egina zen bigarren txandan, estropada erditik aurrera, eta aise botata zeukan Oriok lehen txandan egindako denbora, 14 segundo pasatxoan. Orbañanosenek bazekiten hasieratik hortzak estutu beharko zituztela, eta bai egin ere.

Bigarren kalean zen Hondarribia, eta aurreko txandetako joera ikusita, kanpora joateko ez ziren egokiak lehen bi kaleak. Baina talde onei halakoek kalte egiteazailagoa izaten da, edo bestela, baldintzak zeharo aldatu ziren azkeneko txanda jokatzerako. Kontua da hasi eta berehala txikitu zuela estropada, eta ez zuen lan samurra horretarako, Zierbena zeukalako alboan, hirugarren kalean, ustez kale hobea zenetik. Urdaibai lehen kaletik zihoan. Datu honek ederki azaltzen duzertara atera zen Hondarribia: hirugarren minuturako bosna segundora zeuzkan txandako bi aurkari zitalenak, eta Kaikuri zortzi zizkion sartuak. Txikizioa iragartzen ari zen iazko ligan bigarren sailkatu zen taldea, eta ohiko moduari helduta ari zen egiten: arraunean luze, ondo bukatuz, eta presarik gabe. Eta iazko taldetik hiru berrikuntzarekin, hirurak istribor aldean: Ander Legazkue debutaria eta Santiagotarrak taldean hazitako arraunlaria, eta Alan Osanbela eta Gaizka Gorostiaga, aurrenekoa Donostiarran iaz, eta bigarrena Getarian.

Txandan aurkaririk gabe geratu zen segituan, baina bazuen bat handi-handia bigarren txandan, eta Santurtzik baino segundo bat motelago eman zuen aurreneko ziaboga. Bigarren luzean,olatuxkak trebetasunez baliatuz, aurrea hartu zion Santurtziri bien arteko erreferentzietan, eta bigarren ziabogan, zortzi segundo aurretik zen Hondarribia. Alde ona zen, baina erronka ere parez pare zeukan, Santurtzik aurretik zer eta non egin zuen ikusita. Bizkaitarren lan bikainari neurria Hondarribiak berak jarri zion hirugarren luzean, bi segundora murriztu zelako bien arteko koska. Azkeneko luzean erabakiko zen dena, eta erabaki zen bai, atentzioa eman zuen egoera bat eta guzti. Izan ere, Santurtzik bere txandan, barrurako luzeetako azken metroetan atera zuen sua, eta azkeneko luzean, laugarren kaletik sartu zen, barruko kaleetatik hobeto etortzen zela kontuan izan gabe. Hondarribiak ez zuen Santurtzirena egin, bere kale ingurutik sartu zen, eta azkenean, 1,90 segundo izan zituen alde, hirugarren ziabogako alde bertsua.

Donostiarraren erreakzioa

Norabideek eta kaleek zalantza gutxiago eragin zuten lehen bi txandetan, Santurtziren salbuespena aparte lagata. Hobeto joan ziren kanporantz kanpoko bi kaleetakoak, eta hobeto etorri barura barruko bietakoak. Oriori, hirugarren kaletik, esaterako, azkeneko luzean ez zitzaion olatu onik etorri, eta hirugarren ziabogan azkena zen Donostiarrak, hamalau segundo jan zizkion azken luzean lehen kaletik, lan bikaina eginez.

Bigarren txandan, Isuntza joan zen aurrenekotik, eta barrurako luzeetan asko errekuperatuz, hirugarren egin zuen, Santurtziren eta Caboren atzetik. Laugarren kaletik zihoan Zarautzi aurrea hartu zion barruko bi luze horietan. Halakorik egin ez zuena, ez joaten eta ez etortzen, Zierbena izan zen. Kolpe latza hartu zuen, eta okerrago izan zitekeen, Zarautz azken-aurrenari bost segundo baino ez zizkiolako atera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.