Lehengo lepotik burua

Iaz bezala, Tolosaldeak eta San Pedrok irabazi dute ETE eta KAE 1 ligetako lehen estropada. Lau segundo pasatxorengatik nagusitu dira

Tolosaldeko arraunlariak, ETE ligako lehen estropada irabazi berritan, atzo, Pasai San Pedron. JON URBE / FOKU.
Julen Etxeberria.
2021eko ekainaren 20a
00:00
Entzun
Hasi da arraun denboraldia koska bat beheragoko mailetan. Pasai San Pedron (Gipuzkoa) jokatutako estropadekin ekin diote lehiari ETE eta KAE1 eta KAE 2 ligetan. Eta hasi, iaz bezala hasi da; bai, behintzat, ETE eta KAE 1 ligetan. Iaz, Tolosaldeak eta San Pedrok irabazi zuten aurreneko estropada, Castro Urdialesen (Espainia), eta atzo, beste horrenbeste egin zuten San Pedron.

ETE ligan, lehengo lepotik dauka burua Tolosaldeak. Iaz, oso nagusi izan zen —hamabi estropadetatik bederatzi irabazi zituen—, eta aurten, itxura du berriz ere antzeko ibiliko dela. Atzo, halere, gertu izan zuen Deustu. Lehen luzean, berdinduta zeuden biak, eta bigarrengoan, 4,66 segundogatik nagusitu ziren gipuzkoarrak. Haien ondoren, dezenteko koska egon zen: San Juan sailkatu zen hirugarren, 13,20ra; Hibaika laugarren, 16,60ra; eta Zumaia bosgarren, 18,96ra.

KAE 1 ligan ere estua izan zen lehia. San Pedrok lau segundo pasatxo atera zizkien Arkoteri eta Pedreñari. Gipuzkoako taldeak behetik gora eginda irabazi zuen. Izan ere, azken luzeari ekin aurretik, hirugarren postuan zen: lehena zen Arkote, eta bigarren Pedreña. Hiru segundora zegoen etxeko taldea, baina, azken luze ikusgarria eginda, buelta eman zion sailkapenari.

KAE 2 ligan, azkenik, Hondarribia B-k nagusitasunez irabazi zuen. Portugalete izan zen bigarren, 12,56ra, eta Donostiarra B hirugarren, 14,92ra.

ETE eta KAE 1 ligetakoak berriro ariko dira gaur, Getarian (Gipuzkoa), herriko arraunlari Andoni Galarraga zenaren oroimenezko banderan. Emakumezkoak 11:20ean hasiko dira arraunean, eta gizonezkoak, 12:00etan. ETB1ek zuzenean emango du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.