Imanol: «Gaitasun handiko taldea da Rijeka: bestela, ez legoke Europan»

Realak Kroazian jokatuko du Europa ligako lehen partida. Irabaztea garrantzitsua izango da «konfiantza hartzeko», Oiartzabalen ustez

Jon Ander De la Hoz.
2020ko urriaren 22a
00:00
Entzun
Hegazkin bete ilusio joan zen atzo Euskal Herritik Kroaziara. Realak Europa ligan estreinako partida jokatuko du gaur, Rijekan. Txuri-urdinek aldarte onean ekingo diote arratsaldeko neurketari. Zelaian garai gozoa bizitzen ari dira Imanol Alguacilen jokalariak, eta horri segida eman nahi diote multzokako faseko lehendabiziko jardunaldian.

Hasiera batean, Rijeka da multzoko aurkaririk ahulena. Ondo hasteak duen garrantziaz jakitun, Realeko jokalariek garaipen batekin itzuli nahi dute etxera. Horrek ez dio konfiantzari aterik zabaldu behar, ordea. Ezusteak garesti ordaindu daitezke Europan, eta erlaxaziorik ez du nahi Alguacil prestatzaileak: «Ezezaguna izango da askorentzat, baina behin haien bideoak ikusita jabetu naiz gaitasun handiko taldea dela. Bestela ez litzateke hor [Europa ligan] egongo».

Oriotarrak aurkariaren estadioan egin zituen adierazpen horiek, azken lan saioaren karietara. Mikel Oiartzabal kapitainak lagunduta irten zen prentsaren aurrera. Eibartarra gogotsu dago estreinaldiaren atarian: «Iaz asko borrokatu ginen Europarako sailkatzeko. Kalitatea duen taldea da, eta ehuneko ehuna eman beharko dugu, baina horretan saiatuko gara. Irabazi egin behar dugu, konfiantza eskuratzeko».

Espainiako Ligako liderra da egun Reala, eta txapelketa hartako lehen sei partidetan lortutakoek hiru puntuak eskuratzeko hautagai nagusi bilakatzen dituzte txuri-urdinak. Sei neurketetan hamar gol sartu dituzte Imanolenen jokalariek, eta bi soilik jaso. Atzeko lerroaren sendotasuna gako izango da Europan ere.

Rijeka, berriz, laugarrena da Kroaziako ligan. Halere, azkenaldian aise ari dira Rujevika estadioan, jokatu dituzten azken hemezortzi partidetatik hamasei irabazi egin baitituzte. Bolada on horri segida eman nahi diote Realaren kontra, Simon Rozman prestatzaileak esan duenez: «Reala lehena da bere ligan, eta horrek argi uzten du zein maila duten. Halere, joko oldarkorra eginda gaindituko ditugu. Gure estadioa da hau, eta argi utziko dugu hori».

Hain justu, kroaziarrek 3.000 zaleren babesa izango dute Realaren aurka. UEFA erakundeak gehienezko edukieraren %30 betetzeko aukera eman die klubei, eta halaxe egingo du Rijekak. Dena den, etxekoak ez daude koronabirus gaitzetik salbu. Iragan astelehenean bi jokalariren positiboen berri eman ostean, beste batek ere eman duela jakinarazi du Adriatiko bazterreko klubak. Partidan ez du eraginik izango.

Realean, berriz, PCR probek ez dute positibo berririk azaleratu, eta min hartutakoak soilik geratuko dira etxean. Ander Barrenetxea izan da arazo fisikoak izaten azkena; bizkarreko minez da donostiarra, eta ez du joaktuko. Gainontzean taldea «ondo»dagoela dio Imanol Alguacilek: «Garrantzitsuena gure taldeak sentipen onak izatea da, eta halaxe ditugu. Gure lana egin behar dugu lehendabizi, irabazi ahal izateko». Gailentzea, besterik ez dute gogoan txuri-urdinek.

RIJEKA-REALA
Rijeka. Nevistic; Stefulj, Smolcic, Velikoski, Capan, Tomecak; Loncar, Gnezda Cerin, Andrijasevic, Pavicic; Kulenovic
Reala. Moya; Gorosabel, Aritz, Le Normand, Monreal; Zubimendi, Gebara, Silva; Portu, Oiartzabal eta Isak.
Epailea. Bartoswz Frankowski.
Ordua. 18:55 (Gol)
Lekua. Stadion Rujevika (3.000 ikusle).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.