Langile etorkinen lan baldintzak. Nekazaritza

Lurpetik azaleratutako arazoa

Huerta de Peraltako gatazkak kezka zabaldu du landa eremuko langileen egoerari buruz. Lan ituna gero eta gehiago errespetatzen dela diote eragileek, baina irregulartasunak ez direla falta
Behargin bat zainzuriak lurpetik ateratzen, Nafarroako Erriberan.
Behargin bat zainzuriak lurpetik ateratzen, Nafarroako Erriberan. JUANAN RUIZ/ FOKU

Joxerra Senar -

2019ko otsailak 2
Huerta de Peraltako greba amaitu da, baina nolakoa da, Azkoiengo baratzeen hesietatik harago, landa eremuko langileen egoera? Berez, Nafarroan badago sektoreko hitzarmen bat gutxieneko lan baldintzak arautzen dituena, eta zoru horren gainean lan egin behar lukete 5.000 langile inguruk. Hala al da benetan, ala ba al da zirrikituak baliatuta modu bidegabean kontratatzen duenik? Elikagai industriako enpresen alboan, laborari txikien errealitatea dago, eta haiek garai jakin batzuetan jotzen dute langileongana. Horrek, aldi berean, behin-behinekotasuna ematen die lan harremanei. Argi-ilun horiekin argazki bakarra ateratzerik ez badago ere, arazo hori lurpetik azaleratzeko balio izan du lan gatazkak.

«Iruzur handia dago», dio Ramon Lacalzada Erriberako LABeko arduradunak, nahiz eta aitortu duen «zailtasun handiak» dituztela hori frogatzeko. Tuterako bulegoan denetariko kasuak ezagutu ditu: «Hilabete osoa lan egin, jaiegunak barne, eta astean lau egun kotizatzea eta gainerakoa eskupean ordaintzea, kasurako». Haren ustez, sektorearen atomizazioada zailtasunetako bat. Huerta de Peraltaren aldean, enpresa gehienak txikiagoak dira, eta sakabanatuagoak daude. «Herrian hartzen dituzte langileak, eta landa eremura eraman. Oso kontrolpean dituzte».

Jakina, enpresa horien artean ere laborariak daude, eta ezin esan daiteke egoera homogeneoa denik. Nafarroako Gobernuaren estatistiken arabera, iaz 1.337 enpresa zeuden izena emanda elikagai industrian, eta 2.467 nekazari zein abeltzain. Azken hamar urteetan enpresak bere hartan mantendu badira ere, laborari kopurua %39 gutxitu da.

Felix Bariain UAGNko presidenteak irmo ukatu du lan esplotaziorik izatea. «Errespetua eskatzen dut sektorearentzat. Ez dut ezagutzen goizean goiz inor esplotatzeko asmoz jaikitzen den laborari bakar bat. Kontsumitzaileak badu nahikoa desinformazio lehendik, eta akusazioak ez digu laguntzen».

EHNEren banderak ikusi izan dira Huerta de Peraltako langileen aldeko protestetan, eta Imanol Ibero nekazarien sindikatu horretako presidenteak positibotzat jo du lan gatazka. «Nekazaritza eredu jakin batean sinesten dugu, eta eredu horrek ezin ditu onartu halako baldintzarik».

EHNE: «Egon, badago»

Bai UAGNk eta bai EHNEk aholkularitza eta laguntza zerbitzua eskaintzen diete laborariei langileak kontratatzeko: nola sortu Gizarte Segurantzan kotizazio kontua, nola egin kontratua eta nola izena eman... Iberoren arabera, kontrataziook lan hitzarmenaren arabera egiten dira, eta azken hogei urteetan nabarmen hobera egin du funtzionamenduak. «Paperak dena hartu du. Lehen, ahoz egiten ziren gauzak: 'Egin lan hau, eta tori dirua'. Ez zen iruzur egin nahi, baina orain papera eremu guztietara etorri da, eta bermea da langileen duintasunaren alde». Hala ere, ez du esan nahi bestelako praktikarik ez dagoenik: «Bai, entzuten dugu beltzean egiten dela lan, bermerik gabe. Egon, badago». Horregatik uste du oraindik ere laborarien artean pedagogia egin behar dela eta nekazarien sindikatuek lan ildo horri heldu behar diotela.

Lacalzadaren arabera, etorkinen ezjakintasunaz baliatzen dira enpresak, batez ere haien lehen lanaldietan. «Gero, ahoz ahokoaren bidez jabetzen dira egoera horiek ez direla bidezkoak, onartezinak direla, ez direla normalak». Orduan hasten dira sindikatuetara jotzen. Lacalzadaren arabera, maiz lan harremana amaitzear denean jotzen dute LABen atea: «Askotan berandu etortzen zaizkigu. Ez dakite hogei eguneko epea dagoela erreklamatzeko, eta nagusiaren hitzaz fidatzen dira. Hartuko dituela esan, eta dirua jasotzeko aukera galtzen dute».

Joseba Ezeolaza CCOOko komunikazio arduradunaren ustez, sindikatuen presentzia urria da arazoetako bat. «Beldurragatik, arazo ekonomikoengatik, pobreziagatik, gutxiago sindikalizatzen dira. Erlazio bat dago: zenbat eta ordezkaritza sindikal handiagoa, orduan eta eskubide gehiago». Era berean, langile txiroen fenomenoaz ohartarazi du. «Uste baino zabalduago dago». CCOOren datuen arabera, Nafarroan 11.900 lagunek 14.000 euro edo gutxiagoko errenta dute urtean. Nahiz eta errealitate hori beste sektoreetan ere izaten den —ostalaritzan, merkataritzan, eraikuntzan—, batik bat landa eremuan gertatzen da, Ezeolazaren arabera.

Berez, lan hitzarmenak betebehar eta eskubideen esparru bat marrazten die bai langileei eta bai kontratatzaileei. «Lan hitzarmena ona da, estatuko bigarren handiena. Laborariek eta abeltzainek egiten duten esfortzua ez dago zalantzan jartzerik», azpimarratu du Bariainek. Ezeolazak, berriz, sSektorean den kontraesana nabarmendu du: «Lan hitzarmena aurrerakoia da, eta eskubideak ongi aitortzen ditu». Hala ere, errealitate horrek bere alde iluna du, baldintzak «nahiko kaskarrak» direlako. «Nire iritziz, lan ituna betetzen da orokorrean, baina tranpa egin nahi dutenek bestelako aukerak dituzte: behin-behinekotasuna handia da; abusuzko lanaldiak izaten dira, baita kaleratze arbitrarioak ere».

Uvesaren kasua

Berriki, Huerta de Peraltak egoera lazgarri hori azaleratu du, baina irailean beste eskubide urraketa bat salatu zuen CCOOk, Tuterako Uvesa oilo haztegian. Harentzat lan egiten zuen Servicarne kooperatibako bazkide ziren 646 langile, eta Gizarte Segurantzako lan ikuskaritzak ondorioztatu zuen autonomo faltsuak zirela. «Gezurrezko kooperatiba bat zen. Gizarte Segurantzan gaizki izen emanda zegoen. Kooperatiba izaerak aukera ematen zuen langileak autonomo izateko, baina ez zegoen lan harreman hori. Egitura horren beloa altxatu behar izan genuen, eta langileak modu egokian izen ematera behartu», azaldu du Guillermo Dacharyk, Nafarroako lan ikuskaritzaren buruak. Uvesari hemezortzi milioi euroko isuna ezarri zioten.

Ezeolazaren arabera, Uvesak langileok esplotatzeko baliatzen zuen aukera: «Ez zuten oporrik, ezta kotizaziorik edo langabeziarako eskubiderik ere». Kooperatibako bazkide gisa, gainera, hilero 50 euro eta jantziagatik beste 35 euro ordaintzera behartzen zituzten».

Adibide horietaz harago, zenbaterainokoak dira irregulartasunak? Iaz, lan ikuskaritzak 8.120 enpresa aztertu zituen Nafarroan, eta haietatik 441 izan ziren nekazaritza eta elikagai sektorekoak. Atzeman zuen 62 langileri beltzean ordaindu zietela, eta, halaber, 76 langile finko egitera behartu.

Kopurua ez da oso handia, Dacharyren arabera, beste sektoreen aldean gutxi salatzen delako. «Kasu gehienetan, hamarretik zortzitan, geure kabuz erabakitzen dugu zer lantokitara joan, eta horrek bere zailtasunak ditu, landa eremuak ez baitu aterik». Urte osoan egiten dute zaintza lan hori. «Ez ditugu soilik zainzuriak edo mahatsa biltzeko kanpainak aukeratzen. Edonoiz agertzen gara, ustekabean». Gizarte Segurantzak aukera ematen du izen-abizenekin irregulartasun kasuak salatzeko. «Ez dugu salaketa anonimorik onartzen», zehaztu du Dacharyk. «Beharrezkoa da herritarren lankidetza, jabetu daitezela lan ikuskaritza zerbitzu publiko bat gehiago dela».

Era berean, oraindik gertatzen dira muturreko egoerak, oso kasu mugatuak badira ere; iaz, Guardia Zibilak bi polizia operazio egin zituen langileen esplotazioaren aurka Nafarroan; haietako azkena, abenduan. Halako kasuak eragozteko, bitartekarien arriskuaz ohartarazi du Ezeolazak. «Arazo larriena mafiak dira, eta bitartekarien presentzia hutsak susmagarria izan beharko luke lan ikuskaritzarentzat».

Dachary bat dator horrekin. «Abusurako adierazle argia dira. Langileak bilatzen dituzte, eta, hitzarmenaren azpiko baldintzak ezartzeaz gain, ez dituzte inondik ere betetzen enpresaburu gisa dituzten betebeharrak. Are zantzu larriagoa da bitartekariok langileei etxe bat uztea, gehienetan segurtasun eta osasun baldintza txarretan egoten ohi direlako».

Mafiak landa eremutik «desagertzeko» orduan, UPNren agintaldiko enplegu planek garrantzia izan zute, Felix Bariainek azpimarratu duenez, sektoreari lan esparru egonkor bat eman ziotelako. Funtsean, UPNren gobernuak lan arloko zerbitzuak garatzeko hitzarmenak izenpetu zituen UAGNrekin:«Alor publikoari zegokion lana hartu genuen geure gain. Ordutik, urtean 7.000 kontratu inguru kudeatzen ditugu». CCOOrekin eta UGTrekin egin bezala, oraingo gobernuak UAGNrekin egindako itunak moztu zituen. Bariainen irudikoz, ongi funtzionatzen zuena arrazoi politikoengatik kendu zuten, bestelako eredurik planteatu gabe: «Lehen urtetik ohartarazi genien kontratatzeko arazoak genituela, eta, laugarren urtean, komunikabideetara jo behar izan dugu etxeko lanak ez direla egin esatera».

UAGNren salaketa

Polemika handia eragin zuten urrian Bariainen hitzek. Langileak bilatzeko laborarien arazoak eta errenta bermatua jasotzen duten etorkinak lotu zituen, eta gobernuari errenta ez kontrolatzea aurpegiratu zion. Lau hilabete geroago, bereari eusten dio. «Ez zaie errua bota behar errenta jasotzen dutenei, baina desinformazio handia dago. Onuradunak beldur dira egun batzuk lan egiteagatik errenta kenduko dietela, eta beltzean pagatzeko eskatzen diete laborariei». Xenofobia zabaltzea leporatu zion gobernuak UAGNri, eta Bariainek irtenbideak eskatu ditu ororen gainetik: «Gobernuak ohartu behar du arazoaz. Ezin gaitzake iraindu berak gaizki egindakoa estaltzeko».

Bestelako ikuspegia eman du Gemma Mañuk, Nafarroako Gobernuko Gizarteratzeko eta Babes Sozialerako zuzendari nagusiak. Lehenik eta behin, gogorarazi du, «uste denaren kontra», onuradunen %45 norbanakoak direla, eta gutxieneko kopurua kobratzen dutela (610 euro) —batez beste, berriz, 750 eurokoa da banatutako errenta bermatua—. Halaber, informaziorik ez jasotzea ukatu du, oinarrizko zerbitzuek hasieratik zehazten dietelako onuradunei zeintzuk diren euren eskubide eta betebeharrak.

Mañuk gaineratu du bestelako osagarriak izan ohi dituztela lan egiteko: «Errenta baino soldata apalagoko lan eskaintza jasoz gero, adibidez 400 eurokoa, pizgarriak dituzte errentaren zati batekin osatzeko; hau da, 450 euroko errenta gehi 400 euroko soldatarekin, 850 euro jaso ditzake. Azkenean, helburua da lan egitea beti merezi izan dezala».

Horrez gain, Mañuk argi utzi nahi izan du onuradunek betebeharrak dituztela eta ez dutela hain erraza eskaintza bati uko egitea: «Eskaintza jaso eta administrazioak jakinez gero uko egin diola, errenta etengo zaio epe batez. Hamabost egun izango ditu ezezkoa argudiatzeko, eta onartzen ez bazaio, errenta kenduko zaio». Zaintza hori egiteko Nafar Lansarek lan eskaintzen informazioa izan behar lukeela azaldu du.

UAGNk kontratatzeko arazoak dituztela esanagatik, urritik Lansaren sektoreko zortzi eskaintza baino ez dira aurkeztu. Sindikatuak argudiatu du unean uneko beharrak izan ohi dituztela. Akaso, neguko barazkien bilketan ez dago udan bezalako langile beharrik. Dena den, irtenbideak bilatu nahirik, administrazioaren eta sektoreko eragileen arteko harremana hobetu egin behar da, eta gobernuak akordio bana izenpetu berri du EHNErekin eta UAGNrekin. «Urrats ona da. Langileak behar badituzte, Nafar Lansareko lan poltsara jo dezakete, eta gurea izango da horri erantzuteko ardura», azaldu du Mañuk.

Eguraldiaren ondorioz nekazarien beharrak zehatz-mehatz aurreikusterik ez badago ere, Mañuk uste du gutxieneko planifikazio bat egin daitekeela. «Nire ustez, esan diezagukete uzta biltzeko gutxi gorabehera zenbat langile beharko dituzten». Horrek, aldi berean, ziurtatu egingo die langileei baldintzak lan hitzarmenaren araberakoak izatea.

Iaz amaitu zen sektoreko lan ituna, eta orain haren edukia berriro negoziatu behar dute eragileek. Langileen egoera fokuen pean jarri izanak agerian utzi du denek elkarren beharra dutela: «Kontsumitzaileei begira, gure produktuei balioa ematea da langileei baldintza duina eskaintzea. Etorkinik gabe, Nafarroako baratzeko produkturik ez legoke», onartu du Barianek.

Jahja Kaddouri. «Beldurrez ibiltzen ginen geure eskubideak eskatzeko enpresari»

Ernesto Aguirre. «Mesede egiten zidaten, baina, aldi berean, baliatu egiten ziren nire egoeraz»

Mustafa Ourho. «Sektorean egoera ia berbera da, eskubiderik gabea. Ez dute ia ezer ordaintzen»