Migrazioak

Etxegabeentzako gaueko arretan zazpi toki gutxiago dituzte orain Donostian

Zentroko arta «duintze» aldera egindako aldaketa dela adierazi dute udaleko arduradunek. Artarako lekuak oro har ez direla urritu diote
Gaueko aterpea, Donostian.
Gaueko aterpea, Donostian. GORKA RUBIO / FOKU

Arantxa Iraola -

2018ko abenduak 18
Gaueko aterpe zerbitzuan aldaketak egin dituzte Donostian: 29 leku izan ditu orain gutxira arte; 22 dira orain. Aterperik gabe diren pertsonen artarako hirian antolatuta dagoen harrera sareak jakinarazi du albistea, Donostiako Udalarekin aski kritiko: «Zazpi pertsona gehitu ditu kale gorrian lo egin behar dutenen kolektibora». Albistea berretsi egin du Donostiako Udaleko Gizarteratzeko Zerbitzuen arduradun Iñigo Estonbak; birmoldaketak egin dituzte azpiegituran, eta lekuak urritu egin dira. Adierazi du, hala ere, erabaki horren atzean zentro horretan ematen duten arta «duintzeko» xedea dagoela, eta, oro har, etxebizitzarik gabeko pertsonentzako arreta «sisteman» ez dagoela beherakadarik. Argi utzi du, esaterako, zentro horretakoez harago, larrialdietarako zortzi leku ere badituztela. «Sistema osoa hartu behar da kontuan, orokorrean; hori aintzat hartuta, seguruenera tokiak gehitu egin ditugu».

Gaueko zentroan orain arteko antolaketarekin behar adinako «kalitaterik» ezin zutela bermatu azaldu du Estonbak, eta eredu berriarekin era egokiagoan jardun ahal izango direla. Onartu du, hala ere, premiazkoa dela etxebizitza bat erdiesteko arazoak dituzten pertsonen errealitateari tentuz erreparatzea; izan ere, jakinarazi du zailtasunen ondoriozko gabezia egoerak, oro har, ugaritzen ari direla. Esan du uda honetan Lapurdirako bidean muga igaro nahian Gipuzkoan elkartu diren migratzaileen ugaritzeak arazoa oraindik ere agerikoagoa egin duela, baina, aldagai hori aintzat hartu gabe ere, arazoak dituzten pertsonak gero eta ohikoagoak direla: «Migratzaileen soslaia duten etxegabeak kontuan hartu gabe ere, halako egoeren ugaritzea nabarmena da».

Datuak badira horren erakusgarri, berri-berriak; hain zuzen ere, urriaren 18tik 19rako gauean egin zuten kalean bizi direnen azken zenbaketa Araba, Bizkai eta Gipuzkoan —26 udalerritan—, eta, Eusko Jaurlaritzak ondoren zabaldutako datuen arabera, 435 pertsonak gaua kalean ematen dute. 2016an 24 herritan egin zen zenbaketa. Datua nabarmen apalagoa izan zen: 285 pertsona kontatu zituzten. Igoera, beraz, bada. Estonbak gogora ekarri du, gainera, bidean diren migratzaile gehienek geratzeko asmorik ez badute ere, «tantaka-tantaka» bertan errotzeko hautua egin dutela horietako hainbatek; nabarmendu du asilo eskaria egin eta administrazioaren erantzunaren zain dauden hainbat gizon eta emakume ere seguruenera aurki laguntza premian izango direla.

Herritarren harrera sarea neurriak eskatzen ari da. «Plangintza falta ikusten dugu», adierazi du sareko kide Javier Barandiaranek. Badute birmoldatu duten zentroan arta emateko zituzten zailtasunen berri, eta ulertzen dute horren atzeko zioa, baina gogorarazi dute pertsona asko premian daudela. Ez dute ulertzen, esaterako, zergatik ez den erabili bidean diren migratzaileentzat Loiola auzoan zabaltzekoak ziren zentroa. «Hutsik dute; areago, inoiz ez da ireki ere egin».
Arantxa Iraola

Informazio osagarria