Koronabirusa

Koronabirusak 56 lagun hil ditu astebetean Hegoaldean

Iragan astean baino bost pertsona gutxiago hil dira COVID-19aren ondorioz. PCR proba positiboen ehunekoa %8ra jaitsi da Nafarroan

Uxue Rey Gorraiz.
Iruñea
2020ko urriaren 8a
00:00
Entzun
Bigarren astez jarraian, apaldu egin da COVID-19aren ondoriozhildakoen kurba. Nafarroako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak emandako datuen arabera, iragan igandera arte 56 lagun hil ziren astebetean Hego Euskal Herrian koronabirusagatik. Aurreko astean, berriz, 61 pertsona hil ziren. Azken astean zenbatutako 56 heriotza horietatik hogei Nafarroakoak dira; izatez, herrialde horretan, jaitsi ez, igo egin da COVID-19agatik hildakoen kopurua. Murrizketa neurriak beste astebete luzatzea erabaki du gobernuak.

Gainera, igandetik aitzina ere egunero izan dira hildakoak. Nafarroako Gobernuak atzo jakinarazi zuen beste hiru lagun hil direla gaitzak jota: 83 eta 88 urteko bi gizon eta 84 urteko emakume bat.

Kutsatuen kurbari dagokionez, azken egunean gora egin du egun bakarrean atzemandako positiboen kopuruak. Izurria kontrolatzeko 12.111 PCR proba egin zituzten herenegun Hegoaldean, eta 681 kasu zenbatu dituzte, bezperan baino 73 gehiago. Lurraldez lurralde, Nafarroan erregistratu dute kasu gehien, beste behin: 253. Dena dela, kopurua apaldu egin da herrialde horretan, eta nabarmen txikiagoa da proben gaineko positibo tasa. Zehazki, testen %8k eman dute positibo—bezperan %13 izan zen tasa—.

Bestalde, Bizkaian, Gipuzkoan eta Araban, hiruretan ugaritu dira kasuak azken egunean. Bizkaian 184 kasu zenbatu dituzte;Gipuzkoan 180 izan dira; eta 58 kasu atzeman dituzte Araban.

Nolanahi ere, egunetik egunera atzemandako kasuez harago, kutsaldiaren joerak egonkortzera egin duela dirudi Hegoaldean. Azken datuen arabera, 100.000 biztanleko 683ri atzeman diete birusa hamalau egunetan. Hilaren 29tik aurrera, txikitzen ari da tasa hori, modu geldoan bada ere.

Beste 51 lagun ospitaleratu dituzte; 490 daude erietxean; horietatik 76, ZIUetan. Ospitaleratzeek irail erdian jo zuten goia, eta ordutik beherago daude, nahiz eta azken egunetan zerbait igo diren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.