30 urte itxarongelan

Astelehenean inauguratuko dute kronikoentzako Eibarko ospitalea, eta hilaren 29an jarriko dituzte martxan osasun zerbitzu batzuk, baina abendura arte ez dira hasiko ospitalizazioekin. Eibartar askoren aspaldiko nahia gauzatuko da: Mendaroko erietxea altxatu zenetik aritu dira halako azpiegitura bat eskatzen.

Bi urteko atzerapenarekin irekiko dute kronikoentzako Eibarko ospitalea, astelehenean. JON URBE / FOKU.
Maite Asensio Lozano.
2018ko urriaren 20a
00:00
Entzun
Albiste zoragarria da Eibarrentzat eta inguruarentzat». Pozik dago Miguel de los Toyos alkatea (PSE-EE): errealitatea da Eibarko ospitalea (Gipuzkoa). Egitasmoa lehen aldiz aipatu zutenetik ia hamar urte igaro direnean, eta eraikiko ote zuten ere zalantzan izan den arren, astelehenean irekiko ditu ateak ofizialki erietxe berriak, eta hilaren 29an hasiko dira martxan zerbitzu batzuk. Kronikoentzako ospitalea izango da, 72 oherekin, baina inguruko osasun zerbitzuak ere bertan bilduko ditu. «Oso ondo etorriko zaigu herriko eta eskualdeko osasun arretan», esan du alkateak. Erietxea altxatzeak, ordea, ez du lortu duda guztiak uxatzerik.

Kokapenak eragin zuen hasieratik zalantza handiena: Eibarko erietxeak oso gertu du Mendarokoa, hogei kilometro eskasera. De los Toyosentzat, «elkarren osagarri» dira bi azpiegiturak: «Eibarkoa ez da ospitale kirurgiko bat, hemen ez da ebakuntza gelarik egongo; eri kronikoen soslaira egokituko da, eta kanpo zerbitzu esanguratsuak ere izango ditu».

Biztanleria zahartzeak ekarriko dituen osasun premietara egokitzen dira kronikoentzako erietxeak. Ospitale gehienek osasun arazo akutuak sendatzeko xedea dute; hau da, hasiera eta amaiera zehatzak dituzten gaixotasunak edo lesioak artatzekoa. Sistema hori, baina, ez dator bat eri kronikoen premiekin: ospitalizazio luzeagoak behar izaten dituzte, arazo akutuez gain bestelako gaitzei ere aurre egin behar dietelako, eta horrek sarri errehabilitazioa jasotzea eskatzen dielako. Hortik dator subakutuentzako ospitaleen beharra. Eibarkoak Debabarreneko, Debagoieneko eta Lea-Artibaiko bizilagunei emango die zerbitzua: 190.000 lagun ingururi.

Lehen mailako arreta eta kanpo kontsultak ere izango ditu ospitaleak, baina jardun horiek ez dira berriak. Eibarko osasun zerbitzuen mapa moldatzea ekarri baitu erietxea martxan jartzeak. Bertara mugituko dira Torrekuako osasun etxeko eta buru osasunerako zentroko zerbitzuak, baita Toribio Etxeberria osasun etxeko larrialdien parte bat (EAG etengabeko arreta gunea), X izpiak eta beste azterketa batzuk ere, eta kanpo kontsultak. Lekualdatutako zerbitzu horiek izango dira abiatzen lehenak, urriaren 29an. Ospitalizazioak abenduan hasiko dira, eta soilik hogei oherekin.

Hori dela eta, Eusko Jaurlaritzari «inprobisatzea» egotzi dio EH Bilduk. Koalizioa hasieratik agertu da kritiko egitasmoarekin, azpiegituraren ezaugarriak argi zehaztuta ez zeudelakoan. «Hasieran esan zuten 200-300 lanpostu sortuko zirela; orain 97 dira. Eta, azkenean, hirugarren solairua osorik hutsik geratuko da», adierazi zuen atzo Igone Lamarain zinegotziak, agerraldi batean. Erantsi zuen erabiltzaileek eta senideek ezingo dutela doan baliatu erietxeko aparkalekua, eta obrek akats larriak dituztela: «Sarrera nagusiko atean ez dira anbulantziak sartzen, eta, geletan, gurpil aulkiak ere ez».

Mendaroko ospitalearen geroaz ere kezkatuta agertu da, eta eskualderako «proposamen integral» bat aurkeztu dio Jaurlaritzari, «ospitaleak ez daitezen eraikin huts eta zentzugabe bilakatu». Zehazki, Eibarko erietxeari izaera soziosanitarioa emateko eskatu dute: besteak beste, geriatria unitate bat sortzeko, eta psikogeriatriako 75 toki gehitzeko.

Susmoz beteriko bidea

Ez dira berriak susmo eta duda horiek. «Hauteskunde kanpaina batean inolako azterketarik gabe egin zen promesa baten ondorioa da ospitalea, aurrekontu batzuen truke onarturikoa», gogoratu du Lamarainek. Izan ere, Jaurlaritza sozialistak abiatu zuen proiektua. Patxi Lopezek egin zuen promesa hura, eta ia hiru hamarkada lehenago itxitako eztabaida azaleratu zuen berriro: Eibarrek beretzat eskatu zuen erietxea, baina arrazoi tekniko eta geografikoek eraman zuten Mendarora. Lopez lehendakaritzara iritsitakoan, Rafael Bengoa orduko Osasun sailburuak agintaldirako estrategian uztartu zuen ideia: kronikoentzako ospitale bat izango zen.

2011n, erietxea egiteko akordioa sinatu zuten Jaurlaritzak eta Eibarko Udalak, eta Otaola hiribideko orube industrial bat utzi zion udalak Osakidetzari. Orduan piztu zen lehen polemika: udalak bost milioi euroan erosi zion lursaila Eibar Berri enpresari, hark 3,5 milioian erosia zuen arren—orubearen salerosketa izan zen enpresaren jardun bakarra—. Susmoak eragin zituen operazioak, baina bere burua defendatu du alkateak: «Prozesuak hainbat fiskalizazio izan ditu; kontu auzitegiak ere ez digu ezer esan».

2012an, gobernua utzi baino aste batzuk lehenago lizitatu zituen Bengoak obrak, ordurako jakina zen arren lurrak kutsatuta zeudela. Garbitzeko lanak udalak ala Osasun Sailak ordaindu behar ote zituen eztabaidatzen ari zirela, Jaurlaritzako Ingurumen Sailak ebatzi zuen ez zela beharrezkoa: lurra «hondatutzat» jo zuen, eta ez «kutsatutzat»; beraz, adierazi zuen nahikoa zela zorua porlanez estaltzearekin.

Baina EAJ ez zetorren guztiz bat egitasmoarekin: Jaurlaritzara itzultzean, alboratu egin zuen. Jon Darpon sailburua bera agertu zen kontra 2013 hasieran: «Egoera sozial eta ekonomikoa ikusita, ez da bideragarria azpiegitura berria sortzea horren erabiltzaile apurrentzat». Urte hartako irailean, ordea, iritzia aldatu zuen, EAJk eta PSE-EEk egonkortasun ituna sinatzearekin batera. Erietxea 2014 eta 2016 artean eraikitzeko konpromisoa hartu zuten. Bi urteko atzerapenarekin inauguratuko da, 22 milioi euro inguruko kostua izanda.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.