Kalteak eragin dituzte ehun bat anbulantziatan

Gaurtik Bizkaian larrialdietatik kanpoko osasun garraioa egingo duen enpresaren ibilgailuak hondatu dituzte, azken egunetako erasoetan

Ibai Maruri Bilbao.
Bilbo
2018ko maiatzaren 13a
00:00
Entzun
Hiru egunetan, bigarren erasoa. Atzo goizaldean, Ambuiberica enpresak Arrigorriagako (Bizkaia) Atxukarro industrialdean duen egoitzan, 30 anbulantzia erre zituzten. Guztira, 80ren bat zeuden, eta beste bost ibilgailuk ere kalte larriak izan zituzten, suteak eragindako beroagatik. Joan den ostegunean, beste 90 anbulantziari gurpilak zulatu zizkieten, Bilboko Zorrotza auzoan.

Bi eraso horiek ikertzen ari da Ertzaintza. Baina Eusko Jaurlaritzak badu susmorik. Izan ere, enpresa hori Bizkaian zerbitzua ematen hasi bezperetan gertatu dira. Gaur gauerdian sartu da indarrean Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak enpresa honi egin dion adjudikazioa. Horregatik, Osasun Sailak berak «gogor» gaitzetsi du gertatutakoa, eta adjudikazio aldaketarekin lotu du. Hedabideetara igorritako ohar batean eman ditu azalpenak. Sabotaje hitza erabili du erasoak definitzeko.

Orain arte, Ambulancias Bizkaiak eskaintzen zuen larrialdietatik aparteko anbulantzia zerbitzua; hau da, aurrez hitzartutako garraio zerbitzua da. 2011n adjudikatu zioten zerbitzua Ambulancias Bizkaiari, eta iazko uztailaren 31n bukatu zen kontratua. Arazo administratiboak zirela tarteko, hainbat hilabetez luzatu zitzaion. Baina lehiaketa berria egin denean, Ambuibericak irabazi du. Ambulancias Bizkaia enpresak ukatu egin du erasoekin harremana duenik. «Guk ez dugu zer ikusirik gertatutakoarekin», ohartarazi du zuzendaritzak.

Jaurlaritzak baztertu egin du erasoak «balizko lan gatazka batek justifika» ditzakeenik. Lantaldearen %100 subrogatuko dela gogoratu du; hau da, Ambulancias Bizkaiarekin zerbitzu hau eskaintzen zuten langile guztiek orain Ambuibericarekin izango dute kontratua. Guztira, 350 behargin dira. Kontratu berrietan orain arteko lan baldintzak mantenduko zaizkiela hitzeman du Osasun Sailak; baita lan hitzarmenari eutsiko zaiola ere. Erasoak eraso, datozen egunotako zerbitzua bermatuta dagoela esan du gobernuak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.