SOSLAIA. Sergio Mattarella

Renziren garaipena

Miren Garate -

2015eko otsailak 1
Matteo Renziren garaipena. Esaldi hori erabili da gehien Italiako presidente berriaren izendapena deskribatzeko. Lehen ministroa gai izan da Silvio Berlusconi joko zelaitik kanpo uzteko, eta laugarren bozketan, Sergio Mattarellak, PD alderdi demokrataren hautagaiak, aise gainditu du beharrezko babes langa. Hala, Berlusconiren beraren eta mafiaren aspaldiko etsai bat izango da herrialdeko hamabigarren presidentea datozen zazpi urteetan. Giorgio Napolitano ordezkatuko du, hark orain bi aste dimisioa eman ostean.

73 urte ditu Mattarellak, eta Konstituzio Auzitegiko epailea da. Lehen presidente siziliarra izango da. Politikarien aita, semea eta anaia, unibertsitate irakasle gisa egin zituen lehen urratsak arlo profesionalean. Siziliako mafiak Piersanti anaia gaztea, Siziliako presidentea zena, hil izanak bultzatu zuen politikara. Demokrazia Kristaua alderdian hasi zen, eta 1983an izendatu zuten diputatu estreinakoz. Handik lau urtera Legebiltzarreko Harremanen ministro egin zuten, eta 1989an Hezkuntza ministro kargua hartu zuen Giulio Andreottiren gobernuan. Orduan hasi zen areriotasuna Berlusconirekin. Ikus-entzunezko lege bat onartu zuten telebista kateak berrantolatzeko, eta Berlusconiren Mediaset enpresarentzat izan ziren hiru kate. Erabaki hori salatzeko dimisioa eman zuen Mattarellak. Atzoko bozketan agerian geratu zen Berlusconik oraindik ez duela ahaztu gertaera hura. Hala, haren alderdiko ordezkari gehienek boto zuria eman zuten.

Espero, espero zen Mattarelliren hautagaitzak aurrera egitea, nahiz eta Italiako politikan gauzak ezin izaten diren egintzat jo. Hor zegoen 2013ko adibidea, Romano Prodiren hautagaitzari PDko ehun bat kidek muzin egin ziotenekoa. Akordiorik ezin lortu eta Napolitanok jarraitu behar izan zuen agintean. Ezin ahaztu, gainera, gobernuaren oposizio nagusia PDko ildo kritikoa ari dela bihurtzen azkenaldian. Kezka ere eragiten zuen Forza Italiaren babes faltak, izan ere, Renziren eta Berlusconiren alderdiek legegintzaldi hasieratik itun bat dute eginda hainbat erreforma gauzatzeko. Ezustekoa izan zen Renzik presidentetzarako hautagaia aldebakarrez proposatu izana, eta ez zegoen argi ezadostasunak akordio horri nola eragingo zion.

Eromenezkoak izan dira azken egunak lehen ministroarentzat, batekin eta bestearekin bildu baita akordioak lortu nahian. Lehen hiru bozketetan alderdiko kideei agindu zien boto zuria emateko. Horietan bi herenen babesa behar zen. Atzokoan, gehiengo sinplea aski zen, 505 boto. Aise gainditu zuen muga Mattarellak, 665 botorekin.

Gobernu ezberdinekin bost aldiz ministro izana bada ere, ez da bereziki pertsona ezaguna siziliarra. Goraipatua izan da haren diskrezioa eta eskandaluetatik ihes egiteko gaitasuna. Demokrazia Kristau alderdiko kidea izanda ere, onik atera zen 90eko hamarkadako Tangentopoli ustelkeria auzi entzutetsutik. Alderdi hura desagertu ostean, PD Alderdi Demokratikoaren sortzaileetako bat izan zen 2007an, baina inoiz ez da aurkeztu alderdi horretatik. 2008tik erretiratuta egon da politika aktibotik. Izan da haren izendapena kritikatu duenik ere, «eskola zaharreko politikaria» dela esanez.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna