Durango-Durango klasikoa jokatuko dute gaur, Biraren atariko proba

Etzi Birari ekingo dioten txirrindulari gehienek parte hartuko dute. Van der Breggen, Van Vleuten eta Longo-Borghini dira faboritoak

Julen Etxeberria.
2018ko maiatzaren 17a
00:00
Entzun
Tropeleko txirrindulari onenetako asko Euskal Herrian lehiatuko dira gaurtik asteartera. Emakumeen Biraren 31. ekitaldia jokatuko da larunbatetik asteartera. UCI World Tourreko proba da aurten, eta, horri esker, aspaldiko parte hartzerik onena izango du. Maila goreneko 24 talde ariko dira, tartean UCIren sailkapeneko aurreneko hamar taldeetatik zortzi. Txirrindulariei dagokienez, aurreneko lau sailkatuetatik hiru izango dira etzi Legazpin (Gipuzkoa), irteeran: Anna van der Breggen (Boels Dolmans), Annemiek van Vleuten (Mitchelton) eta Ashleigh Moolman-Pasio (Cervelo). Azkenak Bira irabazi zuen iaz.

Hiru txirrindulari bikain horiek eta beste asko Euskal Herrian dira jada, gehienak Durango-Durango Emakumeen Sarian ariko baitira gaur. Bira baino koska bat beherago dago Durangoko klasikoa, baina urtero parte hartze oso ona izan ohi du, Biraren bezperan jokatzen denez txirrindulari askok prestaketa gisa hartzen baitute. Azken urteetako irabazleak nortzuk izan diren ikusi besterik ez dago parte hartu izan duten ziklisten mailaz ohartzeko: Marianne Vos, Emma Pooley, Emma Johansson, Megan Guarnier eta Van Vleuten ageri dira, besteak beste, zerrendan. Azken horrek irabazi zuen iaz.

26 talde, 22 UCI mailakoak, izango dira gaur 15:00etan irteeran, Durangoko (Bizkaia) Ezkurdi plazan. Euskal Herriko bost talde ariko dira: Movistar, Bizkaia Durango-Euskadi Murias, Sopela, Euskadiko selekzioa eta Nafarroa Ermitagaña.

Goiuria, berriz erabakigarri

Azken bi urteetako ibilbideari eusten dio aurten ere Durangoko klasikoak. 113 kilometro egingo dituzte txirrindulariek, eta bitan igoko dute Goiuria azken hogei kilometroetan: lehen igoera lau kilometrokoa da, eta batez beste %5,5eko pendizekoa —%11ko aldapak ditu—; bigarren eta azkena, berriz, lau kilometrokoa da, eta %6ko pendizekoa —%17ko aldapak ditu—. Zazpi kilometro daude goitik helmugara, Ezkurdi plazara.

Van der Breggen, Van Vleuten, Elisa Longo-Borghini (Wiggle)... Horiek dira faboritoak. Ana Santestebanek (Ale Cipollini) eta Eider Merinok (Movistar) ere aurrean egon nahi dute. Merino hirugarren izan zen iaz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.