Mendeurren festa, «ziklo bat ixteko»

Litekeena da euskal selekzioak gaur jokatzea azkeneko aldiz Gabonetan.Katalunia izango du aurkari, puntako jokalariz osatutako taldea

Jokalariak Amorrortu eta Etxarriren aginduetara entrenatu ziren atzo Lezaman. MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS.
2014ko abenduaren 28a
00:00
Entzun
Datorren larunbatean ehun urte beteko dira Kataluniako futbol selekzioak aurreneko aldiz San Mames bisitatu zuenetik. Gaur (20:30, ETB1), ia mende bat geroago, izen bera daraman estadio berrian, berriz neurtuko dituzte indarrak euskal selekzioak eta Kataluniak. Lagunarteko partida berezia izango da Bilbon jokatuko dena, ofizialtasunaren alde diharduten bi nazio elkarren aurka aritzeaz gain, euskal selekzioak Gabonetan jokatuko duen azken norgehiagoka izan baitaiteke.

Izan ere, eta Jon Redondo Eusko Jaurlaritzako kirol zuzendariaren ustez, ofizialtasunaren aldarrikapenean pausoak emateko «Gabonetako ziklo hau amaitutzat eman behar da». Azken egunetan eginiko adierazpenetan bi arrazoi nagusi nabarmendu ditu erabaki hori babesteko. Alde batetik, data horietan selekzioak ezin dezake bermatu jokalari guztien parte hartzea. Esaterako, Ingalaterrako ligak ez du atsedenik Gabonetan. Horren ondorioz, hainbat dira deituak izan ez daitezkeen Euskal Herriko jokalariak: Mikel Arteta eta Natxo Monreal (Arsenal), Cesar Azpilikueta (Chelsea), Ander Herrera (Manchester United), Fernando Amorebieta (Fulham) eta Javier Garrido (Norwich City).

Arrazoi bakarra ez da hori, Redondoren ustez, euskal selekzioaren lagunarteko partidak FIFA nazioarteko futbol federazioaren egutegira egokitzeak abantaila asko izango lituzke. Batetik, liga guztietako jokalariek jokatu ahal izango lukete; eta, bestetik, euskal futbol federazioak errazago izango luke maila handiko aurkariren bat aurkitzea. «FIFAren datetan selekzio asko aritzen dira partidak jokatzen eta aukera gehiago izango genituzke selekzio horiek ekartzeko. Gainera, diru aldetik ere kostu txikiagoa izango lukete. Ofizialtasunaren aldarria nazioartera zabaltzeko bidean, aurrera pausoa da FIFAko egutegira moldatzea», nabarmendu du Redondok.

Ziklo hori ixteko, goi mailakoaurkaria izango du gaur Jose Mari Amorrortu eta Mikel Etxarri hautatzaileek gidatutako taldeak. Bartzelona da Kataluniako selekzioaren bizkarrezurra eta ez dira faltako izen handiko jokalariak: besteak beste, Sergio Busquets, Gerard Pique, Jordi Alba eta Xavi. Hala ere, Sergio Garcia Espanyol taldeko jokalaria izango da Gerard Lopez hautatzaile kataluniarrak zelairatuko duen konbinatuko jokalaririk arriskutsuena. Bartzelonako Bon Pastor auzoko aurrelaria une goxoa ari da bizitzen, zazpi gol sartu ditu denboraldi berrian, eta arrakastatsua izan duen 2014ko urtea borobiltzen saiatuko da. Euskal selekzioak eta Kataluniak birritan neurtu dituzte indarrak XXI. mendean: 2006an, Camp Nou estadioan jokatutako partidan, eta urtebete geroago San Mamesen antolatutako lagunartekoan. Bietan bukatu zen norgehiagoka berdinketarekin; bina Bartzelonan eta bana Bilbon.

Euskal selekzioan zazpi jokalari arituko dira aurrenekoz, batik bat Eibar egiten ari den denboraldi finaren eraginez. Guztira talde armagineko bost jokalarik jantziko dute aurrenekoz elastiko berdea: Mikel Arruabarrena, Eneko Boveda, Ander Capa, Daniel Garcia eta Xabier Iruretagoienak. Athleticeko Xabier Etxeitak eta Realeko Yuri Berchichek ere beren aurreneko partida izango dute euskal selekzioarekin.

Ofizialtasuna aldarri

Partidaren aurretik, urtero legez, euskal selekzioek nazioarteko txapelketa ofizialetan lehiatzeko eskubidea aldarrikatuko dute Bilboko kaleetan zehar. Jauzia egitasmoak kirolarien desfilea antolatu du 19:00etarako. Kirolariei eta kirolari ohiei parte hartzeko deia egin die ofizialtasunaren aldeko erakundeak eta Bilboko Moyua eta Jesusen Bihotza plazak elkartuko ditu ekitaldiak.

Bestalde, martxan da Bilboko Areatzan zaleentzako jarritako gune berezia. Bertan umeentzako eskaintzak, kontzertuak eta jaki dastaketak izango dira, besteak beste. Miquel del Roigek kontzertua eskainiko du 13:30ean, eta 16:30etik partida hasi bitarte, Joseina Etxeberria DJak dantzan jarriko ditu Areatzara bilduko direnak. San Mameseko partida zuzenean emango dute jarriko dituzten pantaila erraldoietan.

EUSKAL SELEKZIOA-KATALUNIA

Euskal Selekzioa. Iraizoz, Iruretagoiena, Aurtenetxe, Balentziaga, Etxeita, San Jose, Ansotegi, Berchiche, C. Martinez, Iñigo, Boveda, Beñat, Gomez, Susaeta, Iturraspe, Markel, Prieto, D. Garcia, Capa, Torres, Arruabarrena eta Aduriz.

Katalunia. Busquets, Masip, Roberto, Pique,Bartra, Alba, Montoya, Samper, Xavi. Kiko Casilla, V. Sanchez, S. Garcia. V. Alvarez,Vidal, Deulofeu, Fontas, Gomez, Piti',Soriano, G. Moreno de la Bella eta A. Vazquez.

Epailea. Bikandi Garrido.

Lekua. San Mames (53.000 ik. )

Ordua. 20:30 (ETB1)
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.