Egokia igotzaileentzat

Espainiako Vueltak ibilbide gogor eta menditsua izango du aurten. Hamazazpigarren etapa Getxon hasiko da eta Oizen bukatu
Txirrindulari bat, Oizen behera. Bertan amaituko da Vueltako etapa bat.
Txirrindulari bat, Oizen behera. Bertan amaituko da Vueltako etapa bat. BERRIA

Eñaut Agirrebengoa -

2018ko urtarrilak 14
Eskalatzaileak eskuak igurzteko moduan dira Espainiako Vueltak aurten izango duen ibilbidea ikusita. Izan ere, goian bukatuko dira bederatzi etapa, eta erlojuaren kontra 40 kilometro baino ez dira izango. Antolatzaileek atzo egin zuten aurkezpen ofiziala, Esteponan (Espainia). Azken hilabeteetako filtrazioak direla medio, aurrez ere ezagunak ziren ibilbidearen xehetasun gehienak, eta atzo xehatu zituzten horiek guztiak. Azken aldietako joerari eutsi diote antolatzaileek, eta, hala, etapa amaiera zail eta bortitzen alde egin dute apustu.

Esperotako bilakaera izanez gero, azken txanpan erabakiko da aurtengo Vuelta, Andorran jokatuko den etapa labur baina erabat gorabeheratsuan: 4.000 metroko desnibel metatua izango du 105 kilometro eskasean. Ziklistek sei mendateri egin beharko diete aurre; besteak beste, birritan igoko dute Beixalis, behin Ordino, eta La Gallina mendatean bukatuko da. Lehen mailakoak dira guztiak. Azken-aurreko etapa izango da hori, eta ez du inor epel utziko. Lasterketa amaieraraino iritsi da erabaki gabe azken urteetan, eta, itxura guztien arabera, aurten ere antzera gertatuko da. Hala, gerta liteke Madrilera iritsi eta egun batera iraultza izatea sailkapenean. Horretarako etapa aproposa da La Gallinan bukatuko dena.

Nolanahi, ikuskizunaz gozatzeko ez da bukaeraraino itxaron beharko, jokoa eman dezaketen beste hainbat etapa menditsu baitaude. Hamazazpigarren etaparen kasua da, Euskal Herriko errepideetan jokatuko den bakarra. Getxoko portuko geltokian hasiko da, eta, 166 kilometroren ondotik, Oiz mendian izango du helmuga. 20 kilometro inguru ditu igoera horrek, eta aurrenekoz bukatuko da bertan Vueltako etapa bat. Gogortasuna amaieran dauka pilatuta: azken bost kilometroek %10etik gorako pendiza dute, eta %20 inguruko tarteak. Azken zati hori asfaltatu gabe dago, beraz, pendiz gogorrari errepidearen marruskadura gehituko zaio.

Aurretik beste bost mendate igoko beharko ditu tropelak: Zugaztietako gaina, Gaztelugatxeko gaina, Lehoizt-Gane eta Gontzegaraine, hirugarren mailakoak, eta bigarren mailako Bizkaiko Balkoia. Erlojupeko luzearen ostean iritsiko da etapa hori; beraz, gogotsu izango dira eskalatzaileak. Azken zortzi urteetan Vuelta Euskal Herritik pasatzen den zazpigarren aldia izango da.

Landa, ia ziur

Abuztuaren 25ean hasiko da lasterketa, Malagan (Espainia), zortzi kilometroko bakarkako erlojupeko batekin, eta irailaren 16an bukatuko da, Madrilen. Berehala piztuko da lehia, bigarren etapak hirugarren mailako La Mesako gainean izango baitu helmuga. Hortik aurrera, beste zortzi etapa amaituko dira goian. Hogeigarrenaz landa, nabarmentzekoa da hamabosgarrena, Covadongako aintziretan igoera klasikoan bukatuko dena. Horrek ere 4.000 metroko desnibel metatua izango du, eta, hori gutxi balitz bezala, goian bukatzen diren beste bi etapen ostean helduko da.

Bi zatitan banatuko da lasterketa: lehen hamabi etapetatik gehienak etapa ehiztarientzat izango dira egokiak, baina hortik aurrera sailkapen nagusiko lehia izango da fokupean. Litekeena da hautagai nagusien artean Mikel Landa (Sky) egotea. Frantziako Tourra izango da murgiarraren lehen helburua, eta «ziurrenik» Vueltan ere hartuko du parte. Begiz joa du aurten Innsbrucken (Austria) jokatuko den Munduko Txapelketa —oso proba gogorra izango da—, eta, haren esanetan, «prestakuntzarik onena» litzateke Vueltan aritzea.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna
Eñaut Agirrebengoa

Informazio osagarria