Donostiako 70. Zinemaldia. kritika. Horizontes Latinos

Itzali ez den sutea

Uxue Arzelus Lasa.
2022ko irailaren 18a
00:00
Entzun

'Mi país imaginario'

Zuzendaria: Patricio Guzman. Herrialdea Txile.

Txile, 2019ko urria. Metroaren prezioaren igoerak ikasleen altxamendua ekarri zuen. Sutea pizteko behar zuten azken txinparta izan zen. Ikasleek protestak antolatu zituzten Santiagoko metro geltokietan; hasiera batean ordaindu gabe salto egitea izan zen haien kexatzeko era, baina ordu gutxitara geltokietako ate eta tornuak apurtu zituzten, jende guztiak dohainik bidaiatu zezan. Matxinadaren hasiera besterik ez zen. Jendeak Txile berri bat nahi zuen: osasungintza publikoa, hezkuntza publikoa, pentsio duinak, bizitza duin bat. Ia bi urte ondoren konstituzio berri baten proposamena idazteko organo bat eratu zuten.

Patricio Guzman zinegile txiletarra berandu heldu zen matxinadara. Haren lagun Chris Markerrek esan zion sute bat grabatzeko lehen txinparta hasiko den lekuan egon behar zela, baina Guzman altxamendua hasi eta urtebetera iritsi zen Santiagora. Beharbada hala behar zuen izan. Zinemagileak itzali ez den haserre eta amorrua erretratatuko dizkigu, baina baita gauzak aldatzera doazeneko itxaropena ere. 2019ko irudi asko ikusiko ditugu, gertatutakoa (eta oraindik ere gertatzen ari dena), ordea, perspektiba apur batekin kontatzeko aukera izan du zuzendariak.

Denok ikusi ditugu 2019 hartako irudiak, Guzmanek berak ere mordoa eskainiko dizkigu, baina zinegile txiletarrak erakusten digun matxinadak izen-abizenak ditu; eta ametsak, esperantzak, nekeak, amorruak, begiradak. Elkarrizketatu dituen emakumeek (bai, filma amaitzerako sinesgaitza egiten bazitzaidan ere, elkarrizketatu guztiak emakumeak dira) marrazten digute bi urte horien koadro bat. Medikuak dira, idazleak, kazetariak, zinegileak, ikasleak. Haiek dira alderdi politiko baten gidaritzarik gabe Txile aldatzeko lanean ari direnak; haiek begi bateko ikusmena galdu dutenak, lapikoak hartu eta kalera irten zirenak, konstituzio berria idazteko bileretan maputxez hitz egin zutenak. Eta emakume horiek ikusteak izugarrizko indarra ematen dio oinarrian jada hunkigarriak diren irudiek osatzen duten sute horri.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.