Milena Buyum. Amnesty Internationaleko kidea

«Justiziaren abusuen ikur bilakatu da auzia»

Ekintzaileak nabarmendu du Turkian Kavalaren antzeko beste kasu bat dagoela: Kurdistango HDPko buru izandako Selahattin Demirtasena, zeinak bost urte daramatzan behin-behineko espetxealdian.

AMNESTY INTERNATIONAL.
Ankara
2021eko urriaren 29a
00:00
Entzun
AI Amnesty Internationaleko kide Milena Buyumek zuzentzen du 2017tik Osman Kavala enpresari eta ekintzailea askatzearen aldeko kanpaina. Giza eskubideen aldeko ekintzailearen esanetan, erabat legez kanpokoa da pertsona bat lau urtez behin-behineko espetxealdian edukitzea haren aurkako froga argirik aurkeztu ez badute.

Nola liteke Kavalak lau urte igaro izana behin-behineko atxiloaldian inolako epairik gabe?

Turkiako edo beste edozein herrialdetako legeen arabera, inork ez luke horrenbeste denbora igaro behar behin-behineko atxiloaldian, batez ere kontuan hartuta Europako Giza Eskubideen Auzitegiaren ebazpen lotesle bat dagoela esaten duena aske beharko lukeela. Epai hori 2019an eman zuten, duela ia bi urte, eta 2020ko maiatzean berretsi. Osman Kavalak ez zukeen egun bakar bat ere igaro behar behin-behineko atxiloaldian, eta ez bakarrik oraindik epairik ez dagoelako.

Zer proba aurkeztu ditu fiskaltzak?

Geziko protestekin lotutako lehen epaiketan, aske geratu zen, beste zortzi akusaturekin batera. Ez dute krimen bat egiteagatik errudun jo. Ez dute aurkitu inkriminatzailetzat har daitekeen frogarik. Gainera, Turkiako Gobernuak giza eskubideetarako aurkeztutako programa bateanbehin-behineko atxiloaldiaz hitz egiten zen, eta nabarmentzen zen ez zukeela halakorik egon behar akusatuaren aurkako froga argirik ez badago. Kavala egoera horretan dago, hain zuzen ere. Ez dago haren aurkako akusazio larrien frogarik, eta, hala ere, lau urtez preso eduki dute.

Uste duzu haren kasua politikoa dela?

Giza Eskubideen Auzitegiaren epaia kontuan hartzen badugu, esan genezake Kavalaren aurkako auziak arazoi politikoak ezkutatzen dituela. Prozesu judizialetan gehiegikerien biktima izan diren banakoak babesten dituen artikulu batean oinarritzen da epaia. Ez da erabiltzen normalean, eta Turkian bi kasu bakarrik daude: Kavalarena eta Selahattin Demirtasena, Kurdistango HDPko [Herrialde Alderdi Demokratikoko] buruzagi ohiarena, zeinak bost urte daramatzan behin-behineko atxiloaldian.

Enbaxadoreen manifestuak erdigunean jarri du Kavalaren auzia. Uste duzu lagunduko duela?

Ezinezkoa da jakitea. Gutunean, hamar enbaxadoreek oso oinarrizko egitateak aipatu zituzten, lehendik ere ezagunak direnak: epai lotesle bat dagoela, ez dagoela aske eta hala egon beharko lukeela... Haren egungo egoera deskribatzen ari ziren. Auzia justiziaren abusuen ikur bilakatu da, eta garrantzitsua da hori.

Zaila da prozesua ondo ulertzea, bira asko egiten dituelako; adibidez, Kavala errugabetu zuten epaileak ikertu egin zituen epaile eta fiskalen kontseiluak. Ikerketa hori zabalik dago oraindik ere. Ez da lehen aldia epaile batek agintariek zalantzan jarritako erabaki bat hartzen duela eta gero ikertu egiten dutela, haren lana eten edo lekualdatzeko.

Kavalak badu eraginik Turkiako gizarte zibilean?

Bai, haren lanagatik. Orain, gobernuak botere judiziala instrumentalizatu izanaren ikur ere bilakatu da. Eraso egiten diete hitz egiten dutenei, eta iritzi desberdina dutenei. Giza eskubideen aldeko ekintzaileek, abokatuek eta kazetariek ikerketa kriminal gogorrak jasaten dituzte, eta maiz hainbat asteko, hilabeteko edo urteko behin-behineko atxiloaldietan amaitzen dira, Kavalaren kasuan bezala.

Zer iritzi duzu Erdoganen akusazioaz, hau da, enbaxadoreek herrialdeko barne auzietan parte hartu zutela?

Ez nago batere ados. Kavala aske uzteko eskatzea ez da iritzi bat adieraztea: arau lotesle bat betetzeko eskatzea besterik ez da. Horretan aritu da, hain zuzen, Europar Kontseiluko ministroen batzordea. Haren auzia hilabetero gainbegiratzen dute. Azaroan beste ikerketa bat egingo dute, eta, Kavala aske uzten ez badute, arau-hauste prozedura bat abiatuko dute; horrek zigor ekonomikoak ekar ditzake. Halakorik gertatuko balitz, hondamendia litzateke.

Nola erantzun diote Turkiako agintariek Europako Giza Eskubideen Auzitegiaren ebazpenari?

Haiek diote auzitegiaren epaia ez dagoela lotuta Kavalaren aurka orain zabaldutako prozedurarekin; hau da, espioitza egiteagatik auzipetu dutela orain, eta hori beste akusazio bat dela. Ez dago Kavalak espioitza ekintzak egin dituela frogatzen duen ezer. Fiskaltzak ez du frogarik aurkeztu horrelako ezer egin duela argitzen duenik. Hori izan da hasieratik auziaren muina. Argi dago behin-behineko espetxealdia muturreko neurri bat dela eta beste neurriek huts egiten dutenean soilik baliatu beharko litzatekeela.

Uste duzu badela aukerarik baldintzapean aske utz dezaten epaiketaren zain dagoen bitartean?

Ez dakigu. Lau urtez hura preso eduki izana haren eskubideen urraketa larria da, eta, aldi berean, mezu argia helarazten dio gizarte zibilari. Ez dago arrazoirik preso edukitzeko haren epaiketa egiten duten bitartean. Aske izateko eskubidearen urraketa larria da, baita Selahattin Demirtasen kasuan ere. Ez luke hala izan behar; ez lirateke zigortu behar oraindik kondenatuak izan ez direnak. Botere judizialaren gehiegikeria bat da, politikarien eta gizarte zibileko kideen iritziak isilarazteko helburua duena, giza eskubideen urraketen inguruan hitz egin ez dezaten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.