Allen Toussaint

New Orleansen doinua

Ameriketako Estatu Batuetako herri musikaren izen handietako bat izan da Allen Toussaint konpositore, musikari eta ekoizlea. Madrilen kontzertua eman ondoren zendu da, 77 urterekin.
SKIP BOLEN / EFE

Mikel Lizarralde -

2015eko azaroak 11
Bidaiatzea, neurri batean, zerbait berria da niretzat. Katrina [urakana] aurretik, nire bizitza zen mundu osotik nire estudiora etortzen zirenak grabatzea. Hori egin nahi nuen: besteentzat idatzi, konponketak egin eta ekoitzi. Katrina-ren ondoren New Orleansetik alde egin behar izan genuen denbora batez. New Yorkera joan, eta han hasi nintzen zuzenean jotzen eta beste artista batzuekin lan egiten». Katrina-k aterarazi zuen Allen Toussaint musikari, konpositore eta ekoizlea (AEB, 1938) New Orleansetik, eta bere hiri kutunetik urruti harrapatu zuen heriotzak ere. Toussaint, Ameriketako Estatu Batuetako herri musikaren ikono bat, herenegun gauean hil zen, Madrilen, Lara antzokian kontzertua eman ondoren hotelera zihoanean bihotzekoak jota. Joan den igandean Bilbon jo zuen.

Bizitza luze eta oparo bat laburbiltzeko modu sinplista izanda ere, esan liteke Toussainten musika ibilbideak bi zati izan dituela. Katrina-ren aurretik eta ondoren. Urakanak 2005ean New Orleans astindu eta hiriaren %80 ur azpian utzi zuenean, musikariaren bizitza aldatu egin zen. Bere bizilekua izan zena utzi behar izan zuen, eta zuzenean jotzen hasi zen. Birak egiten. Lehenengo kontzertu haietako batean egin zuen topo Elvis Costellorekin, Toussainten izena publiko zabalago batengana iristeko bidea irekiko zuen musikariarekin. Elkarrekin lanean hasi, eta hurrengo urterako diskoa zuten grabatua lau eskutara Costellok eta Toussaintek, River in Reverse, New Orleansen hondarretan itxaropena bilatu nahi zuen disko aparta.

Costellorekin elkartzeak berriro jarri zuen lehen lerroan Toussaint. Eta, gainera, Joe Henry musikari eta ekoizlearekin harremanetan jartzeko balio izan zion pianistari. Henryk ekoitzi zuen The River in Reverse, eta Toussaintek berriro jo zuen harengana bere azkeneko diskoa grabatzeko: The Bright Mississippi (2009). Henry ez da soinu mota jakin bat proposatzen duen ekoizle hutsa, eta parte hartzen duen grabazio askotan bera arduratzen da musikariak aukeratzeaz eta erabaki garrantzitsuenak hartzeaz. Toussaintek berak askatasun osoa eman zion. Henryk kantuak eta musikariak aukeratu zituen, eta diskoaren kontzeptu osoa landu. «Eta pozten nau», onartu zuen orain dela gutxi Toussaintek, «bere esku jarrita» ezagutzen ez zituen bere alderdi batzuk azaleratu ahal izan zituelako.

Klasikoen egilea

Katrina-k berriro kokatu zuen Toussaint. Baina Katrina-ren aurretik ere bazen Toussaint. Beste bat nolabait. 1934an jaio zen, New Orleansen, eta XX. mendeko 50eko eta 60ko hamarkadetan finkatu zuen bere rhythm and blues estiloa, betiere bere hiriari oso lotua: «New Orleansek eragin handia izan du nire musikaren soinuan». Professor Longhair, Fats Domino eta Huey Smith pianistek eragin zuten bere aurreneko urteetan, eta musika beltzaren oihartzunei Karibekoak nahiz latinoak gehitu zizkien, funkaren, bluesaren eta Louisianako doinuen arteko nahasketa proposatuz.

60ko urteetan idatzi zituen bere kanturik ezagunenak: Working in the Coal Mine, Lee Dorseyk ezagutarazia, Ruler of My Heart (Irma Thomasentzat), A Certain Girl (The Yardbirds) eta Fortune Teller, besteak beste, The Hollies, The Rolling Stones eta The Whok interpretatuko zutena.

70eko hamarkadan segitu zuen beste musikari batzuentzat lanean —Solomon Burke, Willy Deville—, baina bakarkako bideari ere heldu zion, eta hainbat disko grabatu.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna