Koronabirusa

Asteartean larrialdi egoera amaitzeko asmoa dutela adierazi du Urkulluk

Erabakiarekin indargabetu egingo lirateke izurriari kontra egiteko ezarriak diren neurri gehienak. Labiren bileran dira erabakia hartzekoak

Jendea maskara jantzita, Bilbon, artxiboko irudi batean. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU.
Joxerra Senar - Arantxa Iraola
2021eko urriaren 2a
00:00
Entzun
Pandemia ez da bukatu, baina iragan astean Maria Txibite Nafarroako Gobernuko lehendakariak iragarri zuen, «helmuga gertu» eta transmisioa apalduta, «beste garai batean» sartuko dela. Atzo, Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakariak bide beretik jarraitzeko asmoa aurreratu zuen. Datorren asteartean da biltzekoa Labi, eta, bilakaera epidemiologikoa «positiboa bada», larrialdi egoera amaitutzat ematea espero du. Lehendakariaren esanetan, larrialdi egoera bukatutzat emanez gero indargabetu eginen lirateke COVID-19ari kontra egiteko ezarriak diren neurri gehienak: hala nola edukieren, ordutegien eta pertsonen arteko bilkuren gaineko mugak.

Eusko Legebiltzarreko kontrol saioan, EAJko legebiltzarkide Luis Javier Telleriak eman zuen erantzun hori azken asteetan COVID-19ak izandako bilakaeraz galdetu ziotenean. Urkulluk zehaztu zuen atzo bertan bildu zela Labiren batzorde zientifiko teknikoa, eta astelehenean bertan bilduko dela berriz. Haren hitzetan, batzordea baikorra izan zen: «Adierazi zuen gizarte jarduera ahalik eta arruntena berreskuratzeko trantsizio etapa betetzen ari dela».

Helburuak «betetzen»

Urkulluren arabera, astelehenean eta asteartean zehaztuko da ea egoera finkatzeko «beste urratsen bat» egin ahal den, baina asmoa zein den aurreratu zuen jada: «Ezarri genituen helburuak betetzen ari gara. Pandemiaren bilakaera egunero aztertzen jarraituko dugu, eta nahia da osasun larrialdiaren amaiera ezartzen duen dekretua aurkeztu ahal izatea egunotan, bilakaerak horrela jarraitu ezkero». Epidemiaren bilakaeran eta horrek osasun sisteman dituen ondorioetan oinarrituta hartzen dira neurriak, eta, Urkulluren arabera, azken bi hilabeteetan hamar aldiz jaitsi da intzidentzia: uztailean, 100.000 biztanleko 873 positibo ziren, eta orain, 80. «Datu horiekin, Euskadi egoera pandemiko batetik endemikotzat jo daitekeen beste batera pasatzen ari da».

Ospitaleen gaineko presioa ere arindu egin da asteotan: abuztuaren 22an, ZIUetan 82 gaixo zeuden eri; orain, berriz, erdia. Txertaketari dagokionez, berriz, 12 urtetik gorakoen artean %90ek dute txertoa jarrita. Europarekin bat eginez, «beheranzko joera egonkorra eta jarraitua» dela nabarmendu du lehendakariak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.