Maiatzaren 9ra arte etxegabetzeak debekatzea onartu du Madrilek

Dekretuaren arabera, beste bizitokirik ez dutenak ezingo dituzte etxegabetu alarma egoerak iraun bitartean. Ezingo dizkiete oinarrizko hornidurak eten

Etxegabetze baten kontra Iruñean egindako protesta bat. IÑIGO URIZ / FOKU.
Igor Susaeta.
2020ko abenduaren 23a
00:00
Entzun
Etxegabetzeak debekatzeko lege dekretua onartu du Espainiako Gobernuaren Ministroen Kontseiluak. Hori aintzat hartuta, COVID-19ak eragindako alarma egoerak iraun bitartean (2021eko maiatzaren 9ra arte) ezingo dituzte etxegabetu egoera zaurgarrian egon eta beste bizitokirik ez dutenak; ezta, datozen hiru hilabeteetan, jabe handien edo hamar eraikin baino gehiago dituztenen etxebizitza hutsetan kontraturik gabe daudenak ere. Bigarren multzokoen kasuan, zehaztapen bat: adingabeen edo menpeko pertsonen ardura eduki beharko dute, edo, bestela, indarkeria matxistaren biktima izan, kaleratuak ez izateko. Nolanahi ere, ez batzuei ez besteei ezingo dizkiete oinarrizko hornidurak —argia, ura eta gasa— eten.

Izurriak ekarritako krisi sanitario eta ekonomikoak eragindako etxegabetzeak 2021eko urtarrilaren 31ra arte debekatzea erabaki zuen gobernuak pandemiaren hasieran. Debeku hori maiatz hasiera arte luzatu du, eta baldintzak ere aldatu ditu. Izan ere, COVID-19agatik ez beste arrazoi batzuengatik pandemiaren aurretik egoera zaurgarrian daudenak ere biltzen ditu dekretuak. «Salbuespenekoa da [neurria], zailtasuneko ohiz kanpoko une baterako», nabarmendu zuen atzo Jose Luis Abalos Mugikortasun eta Hiri Agendako ministroak, Ministroen Kontseiluaren ondoren egindako agerraldian.

Kontratua duten maizterren kasuan, jabe guztiak, izan norbanakoak zein higiezin enpresa handiak, konpentsazioak eskatzeko moduan egongo dira, gizarte zerbitzuek epaileari aurkeztu beharko dioten txostenak egiaztatzen badu etxegabetze agindua jaso dutenen zaurgarritasun ekonomikoa. Dekretuaren arabera,eraikina dagoen eremuan alokairuak duen batez besteko prezioa aintzat hartuta kalkulatuko da konpentsazioa.

Jabe handiei dagokienez, gehienak inbertsio funtsak, finantza erakundeak edo, besteak beste, higiezinen sozietateak dira, eta haiek ere konpentsazioak eskatu ahal izango dituzte, egiaztatzen baldin badute etxegabetzeei ezarritako debekuak kalte ekonomikoak eragin dizkiela.

Etxegabetze agindua jaso dutenen zaurgarritasuna egiaztatuta gelditzen denetik, autonomia erkidegoek hiru hilabete edukiko dituzte horiei alternatiba bat eskaintzeko «etxebizitza duin baten» bidez. Egiten ez baldin badute, alokatzaileak konpentsatuko dituzte.

UP Unidas Podemos, pozik

Duela hilabete, artean 2021eko aurrekontuak negoziatzen ari zirela, etxegabetzeak eteteko zuzenketa bat jarri zuten UP Unidas Podemosek, EH Bilduk eta ERC Esquerra Republicanak. Eskatu zuten, besteak beste, etxegabetzeak egiteko debekua 2022ko abendura arte luzatzea.

Abenduaren hasieran, ordea, zuzenketa kendu zuten. Hiru aste geroago, auziari buruzko dekretu bat onartu du gobernuak, eta Gerardo Pisarello (UP) Espainiako Kongresuko Mahaiko idazkari lehena pozik agertu zen atzo, prentsaren aurrean egindako agerraldian, iruditzen baitzaio debekua indarrean sartu dela etxebizitzen esparruko «lobbyen erresistentziak» gorabehera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.