Espainiako Kongresua. Hautetsi katalan kartzelatuak

Batetek Gorenaren esku utzi nahi du diputatu presoei kargua eteteko erabakia

Fiskaltzak eskatu dio Gorenari diputatu kartzelatuei Prozedura Kriminalerako Legea aplikatzeko. Kongresuko Mahaia gaur bilduko da

Josep Rull diputatu kartzelatua eta Meritxell Batet, herenegun. BALLESTEROS / EFE.
Igor Susaeta.
2019ko maiatzaren 23a
00:00
Entzun
Behin-behinean kartzelatutako buruzagi subiranistek diputatu kargua hartu zuten herenegun, baina azken egunetan batzuek zein besteek iragarritakoak aintzat hartuta, badirudi kargua etengo dietela. Ez dago argi noiz, nola edo nork egingo duen. Auzitegi Gorenak Espainiako Kongresuko Mahaiaren esku utzi nahi izan du erabakia, baina Meritxell Batet organo horretako presidenteak magistratuei itzuli die pilota. «Jurisdikzio funtzioa botere judizialari dagokio; berak erabaki du zer egoeratan geratzen diren behin-behinean espetxeratutako pertsonak», nabarmendu zuen prentsaren aurrean. Batetek iragarri zuen Mahai berria gaur bilduko dela aurrenekoz (12:30), baina ez dago aurreikusita auziari buruzko erabakirik hartzea.

Eteteari buruzko erabakia atzeratu nahi izatea leporatu zion Albert Riverak, atzo. Kongresuko presidenteak, baina, ukatu egin zuen Ciudadanoseko liderrak planteatutakoa. Halere, kontuan hartu da igandean Europako Parlamenturako eta udaletarako hauteskundeak egingo dituztela Espainiako Estatuan.

Carmen Calvo Espainiako jarduneko presidenteordeak herenegun egin bezala, Batetek ere argi utzi zuen, atzo, «itxura denez» kargua etengo dietela Oriol Junqueras (ERC), Jordi Turull,Josep Rull eta Jordi Sanchez (JxC) diputatuei, baita Raul Romeva (ERC) senatariari ere. «LECa [Prozedura Kriminalerako Legea] eta Kongresuko arautegia nahiko argiak dira horri dagokionez», azpimarratu zuen, atzo, lehen orduan, SER irrati katean emandako elkarrizketan.

Espainiako Gorteak osatu aurretik hasi zen Gorena presioa egiten; eskuineko eta eskuin muturreko alderdiak horretan ari dira une oro, eta fiskaltzaren txanda heldu zen atzo. Gorenari idazki bat helarazi zion, eskatuz diputatuei kargua eteteko «berehala», Kongresuari agindu hori eman behar zaiola. Fiskaltzarentzat, Espainiako Prozedura Kriminalerako Legearen 384 bis artikulua aplikatu behar zaie behin-behinean kartzelatutako eta matxinada leporatuta Gorenean epaituak izaten ari diren diputatu eta senatari katalan independentistei. Artikulu horren arabera, kargu politiko bati kargu publikoa eteten zaio baldin eta matxinada delituagatik auzipetua eta kartzelatua baldin badago. Hori da hautetsi independentisten kasua.

Iazko uztailean, Pablo Llarena instrukzio epaileak prozesu subiranistaren aurkako kausa judiziala itxi eta auzipetze autoa berretsi zuenean, 384 bis artikulua aplikatu zien buruzagi subiranista horiei beraiei, eta Gorenak parlamentari kargua eten zien Kataluniako Parlamentuan. Hain zuzen, kasu hori du hizpide fiskaltzak Gorenari bidalitako idazkiak.

JxCk Sanchez kritikatu du

Baina iturri juridikoak aipatuz zenbait hedabidek kaleratu dutenez, Gorenak zalantzak ditu 384 bis-a aplikatzeko orduan. Izan ere, auzipetuak izan eta ia urtebetera hautatu dituzte diputatu, eta ez daki haien egoerak guztiz bat egiten duen artikuluak zehaztutakoarekin. Horregatik nahi du Mahaiak etetea kargua, ganberako 21.2 artikulua aplikatuz.

Horrek dio diputatu bati kargua etengo diotela ganberak erreguzko eskaeraren helburua baimendu duenean eta auzipetze autoa irmoa denean zein diputatua behin-behinean kartzelan dagoenean. Baina ez da erreguzko eskaerarik egon. Hain zuzen, horri heldu zion Gerardo Pisarello (En Comu Podem) Mahaiko idazkariak, atzo, Nacio Digital agerkarian emandako elkarrizketan. Nabarmendu zuen, gainera, «sekula izan gabeko» gertakaria dela, eta orain arte ordenamendu juridikoan aurreikusita ez zegoen erabaki bat hartu beharko dela.

Elsa Artadi JxCko eledunaren ustez, diputatuei kargua etenda ganberako «gehiengoa aldatuta» heldu nahi du Pedro Sanchezek inbestidura saiora.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.