Albistea entzun

Koronabirusa

Intzidentzia tasa jaitsi dela esan du Sagarduik, baina «zuhurtzia» eskatu du

Osasun sailburuak adierazi du Osakidetza «beharrezkoak diren proba guztiak» egiten ari dela. Ospitaleratzeen datuek, berriz, gora egin dute
Sagardui, duela egun batzuk egindako agerraldian.
Sagardui, duela egun batzuk egindako agerraldian. MONIKA DEL VALLE / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Jone Arruabarrena -

2022ko urtarrilak 19

Atzoko Gobernu Kontseiluaren ondoren egin zuen agerraldia Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak, eta, azaldu zuenez, koronabirusaren intzidentzia tasa metatua jaisten ari den arren egoera «txarra» da oraindik, eta «zuhurtziarako» deia egin zuen. Adierazi zuenez, 15.365 proba diagnostiko egin ziren astelehenean; horietatik 5.502k positibo eman zuten. Osasunbideak eman dituen datuei begiratzen badiegu, berriz, Nafarroan 5.053 proba egin zituzten, eta horietatik 2.251 izan ziren positibo.

«Azken zazpi egunetako intzidentzia tasa metatua behera doa, baina zuhurtziaz jokatu behar dugu». Horrela laburbildu zuen Sagarduik koronabirusaren hedapenak eragindako egoera.

Datuen joera

Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak protokolo berriak martxan jarri zituztenetik, askoz ere proba gutxiago egiten dira, eta, ondorioz, gobernuek azaleratzen duten positibo kopurua ere apaltzen ari da. Alderatzeko: Osakidetzak 22.804 proba diagnostiko egin ditu asteburu honetan, eta halako bi egin zituen joan den asteburuan (41.900).

Hala ere, Sagarduik adierazi du Osakidetzak «beharrezkoak diren proba guztiak» egiten dituela: «15.000 proba baino gehiago egin genituen atzo, eta ezin da esan hori gutxi denik». Gehitu du azken hamar egunetan Osakidetzak 22.000 proba egin dituela batez beste, eta ez dagoela oztoporik proba bat egin nahi dutenentzat: «Orain garrantzitsuena emaitzak azkar jakitea da». Antigeno testen erabilera hobetsi du sailburuak, eta PCR probak «zaurgarrienentzat» direla adierazi du.

Horrez gain, atzo azaldu zuen astelehenean 717 pertsona zeudela ospitaleetan koronabirusarekin; horietatik 131, ZIUetan. Osasunbidean, berriz, 239 pertsona zeuden erietxeratuta astelehenean, eta horietatik 39 zeuden ZIUetan. Sagarduiren arabera, osasun sistemak «tentsio handia» du oraindik, eta, beste behin, «zuhurtzia» eskatu du. Izan ere, nahiz eta proba diagnostikoei soilik begiratuz gero zifra nabarmen jaitsi den duela hilabeteko kopuruarekin alderatuta, ospitaleetako datuek egoeraren bestelako ikuspegi bat ematen dute. Esaterako, Osakidetzako ospitaleetan 469 pertsona zeuden urtarrilaren 1ean, eta horietatik 122 ZIUetan. Osasunbideari dagokionez, 134 ziren ospitaleratuak; horietatik 26 zeuden ZIUetan. Geroztik, ospitaleetako eta ZIUetako gaixo kopuruak gora egin du etengabe.

Neurrien eragina

«Urtarrilaren 11tik intzidentzia txikituz joan da, astiro bada ere». Hortxe Sagarduiri nabarmentzeko erakoa iruditzen zaion datua. Osasun sailburuaren arabera, jaitsiera hori hiru faktoreren eraginez gertatu da, eta ez proba gutxiago egin direlako bakarrik: jendearen arteko kontaktua murriztu delako, Osakidetzako protokoloak egokitu direlako, eta, bestetik, «nabaria» delako neurri berriak ezarri zirenetik bi aste pasatu direla eta eragina izan dutela eboluzioan.

Sailburuak gehitu du Osakidetzaren webgunea eguneratu egin dutela, eta hartan aurki daitezkeela orain koronabirusari lotutako askotariko egoeretan jarduteko argibideak.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Irabia-Izagaren Izaga egoitza, Cordovillan, artxiboko irudi batean. ©IÑIGO URIZ / FOKU

Nafarroak batxilergoko ituna eten die ikasleak sexuka bereizten dituzten eskolei

Ion Orzaiz- Irati Urdalleta Lete

Hezkuntza Departamentuaren esanetan, Opus Deiren bi eskolek, Miravalles-Redinek eta Irabia-Izagak, «ez dituzte betetzen itunerako ezaugarriak»
Pilar Alegria Espainiako Hezkuntza ministro eta PSOEko eleduna, atzo egindako agerraldian. ©FERNANDO ALVARADO / EFE

'Soilik baietz da baietz' legea aldatzea Kongresuan proposatuko du PSOEk

Maite Asensio Lozano

Berdintasun Ministerioak ez du uste moldaketak zigor berrazterketen auzia konponduko duenik
Alberto Perez, Sindikatu Medikoko burua, atzoko agerraldian. ©AITOR KARASATORRE / FOKU

Osasunbidearen eskaintza medikuei: soldata igoera eta 32 paziente egunean

Ion Orzaiz

Nafarroako Gobernuak «asmo handiko eskaintza» egin dio Sindikatu Medikoari, greba eragozteko. Esklusibotasuna kenduko lukete, baina trabak jarrita sare publikoan eta pribatuan aldi berean aritzeari
Donostia ospitaleko zerbitzuburuen protesta bat, abenduan. ©JON URBE / FOKU

Negoziazioa «bideratuta» egon arte protestan segituko dute Donostia ospitalean

Julen Aperribai

Elkarretaratzea egin dute berriro ere. »Kronograma» bat bidali zioten Osakidetzako zuzendaritzari, eta horren erantzuna jaso zain daude

Kinka buletina

Klima larrialdiari eta ingurumenari buruzko azken berriak zabaltzen dituen buletina.

Iruzkinak kargatzen...