Osakidetzaren onkologia planak minbizia dutenen bizi kalitatea hobetu nahi du

Ia 13.500 minbizi kasu antzematen dira urtero Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Bost urterako plana aurkeztu du Eusko Jaurlaritzak

Ordezkariak planaren aurkezpenean, atzo, Donostian. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
aitor biain
2018ko uztailaren 3a
00:00
Entzun
Eusko Jaurlaritzak minbiziari aurre egiteko onkologia plana taxutu du. Datozen bost urteetara begira ondutako egitasmoa da, eta, besteak beste, minbizia dutenen biziraupena handitu eta haien bizi baldintzak hobetzea du xede. Gaixo bakoitzari egokitutako arreta eta tratamenduak sustatu, eta prebentzio programak indartuko dituzte horretarako. Izan ere, urtean ia 13.500 minbizi kasu antzematen dira Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Jon Darpon Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak nabarmendu duenez, «osasun arazo nagusietako bat» da egun minbizia gizartearentzat.

Eusko Jaurlaritzako Osasun sailak ondutako plana bada ere, gaixoen eta haien senitartekoen arretan inplikatuta dauden aditu taldeek ere parte hartu dute prozesuan. Atzo aurkeztu zuten egitasmoa, Donostian. Jon Darpon Osasun sailburuaz gain, ekitaldian izan ziren Iñaki Berraondo Osasun sailburuordea, Maria Jesus Mugika Osakidetzako zuzendari nagusia eta Nekane Murga Osasun plangintza eta antolamenduko zuzendaria.

Minbizia izan duten eta onik atera direnen kopuruak gora egin du Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, 2000. urteaz geroztik: emakumeen kasuan, hamarretik sei dira onik atera direnak, 2012ko datuen arabera; gizonezkoei dagokienez, berriz, erdiak pasatxo. Espainiako eta Europako batez- bestekoaren gainetik daude kopuru horiek Jaurlaritzaren arabera, eta, beraz, «itxaropentsuak» dira sailburuaren hitzetan. Gaitzari aurre egiteko «konpromisoa» berretsi du Darponek, halere. Antzemate goiztiarrean egin nahi du planak azpimarra, bada.

Bizimodu osasungarriaren bidez minbizi kasuak saihestu daitezkeela uste baitute adituek. Baheketa programak ere bultzatuko dituzte bide horretan: egun martxan direnei eutsiko diete, baina berriak ere ezarriko dituzte. Hala, bularreko eta koloneko minbizia antzemateko baheketa kanpainei, umetoki lepoko minbiziaren baheketa programa batuko zaie datorren urtetik aurrera. 25 eta 65 urteko emakumeentzat da programa hori, eta Debabarrena (Gipuzkoa) eskualdean dago martxan egun, proba gisara. Melanoma gaitzari eta langileek izan ditzaketen minbizi-sortzaile agente kasuei ere arreta berezia jarriko diete aurrerantzean.

«Pertsona da planaren erdigunea», sailburuaren arabera; beraz, pisu handiagoa emango diote gaixoari prozesu guztian: bakoitzaren premia fisiko eta emozionalei erantzungo diete, eta partekatutako erabakietan parte hartzera bultzatuko dute. Gaixo bakoitzari arreta eta tratamendu pertsonalizatuak emango dizkiete, halaber. Gaitzaren lehen zantzuak izan eta tratamendua jaso arteko denbora murriztea ere jarri dute helburu gisa.

Horrez gain, onkologia planak laguntza ereduan eragin nahi du. Erizainen eginkizuna indartuko dute horretarako, eta gaixoek bidelagun izango dituzte prozesu guztian. «Prozesu onkologikoa humanizatzearen aldeko apustu irmoa egiten dugu», azpimarratu du Darponek. Medikuntza espezializatua ere bultzatuko dute bide horretan.

Ikerketari bultzada

Minbiziaren aurkako ikerketa eta berrikuntza ere sustatu nahi ditu Eusko Jaurlaritzak. Hiru ikerketa zentroen arteko «sinergiak» hobetzea proposatu du, esate baterako. Izan ere, Bioaraba, Biocruces eta Biodonostia zentroen arteko lankidetzak minbiziaren gaineko saiakera kliniko gehiago erakarriko lituzke, Darponen arabera. Donostiako Onkologikoak eta EAEko osasun sistema publikoak «zerbitzu bakar bat» garatzea ere proposatu du Osasun Sailak. Horrez gain, euskal enpresek gaixotasunaren gaineko diagnostikoa eta tratamendua hobetu dezaketen teknologia berriak garatzea sustatuko du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.