Kristau Eskolan eta IZEAn beste hamar greba egiteko deia egin dute sindikatuek

ELA, Steilas, CCOO, LAB eta UGT bat datoz: patronalek «akordiorako» borondaterik ez dute. Martxoan, apirilean eta maiatzean egingo dituzte

arantxa iraola
2019ko otsailaren 9a
00:00
Entzun
Giroak tenkatuta jarraitzen du Kristau Eskolak eta IZEAk batzen dituzten itunpeko ikastetxeetan; beharginak kexu dira, lan itunerako hainbat eskari dituzte, eta gero eta ozenago egin nahi dute protesta: aurreko ikasturtean, hiru greba egun egin zituzten; aurten, dagoeneko hamalau izan dira —zortzi egun segidan egin zituzten urtarrilean—, eta beste hamarrerako deia egin zuten atzo.ELA, Steilas, CCOO, LAB eta UGT sindikatuak bat datoz aldarrian: «akordiorako» borondaterik ez dute antzematen patronaletan, eta grebaren bidea ezinbestekoa dute langileek. Martxorako lau greba antolatu dituzte: hilaren 12tik 15era. Apirilerako, beste lau: hilaren 1etik 4ra. Maiatzean, azken bi egunak: hilaren 8an eta 9an. Patronalekin ez ezik, minduta daude Eusko Jaurlaritzarekin ere; akordiorako biderik ez erraztea leporatu diote. «Haien ekintzarik eza zuritzera besterik ez dute bideratu jarduera oro».

Greben atariko, hilabete honetan bertan manifestazio handi bat egin nahi dute: otsailaren 28an izango da. Negoziatzeko borondatea agerian utzi nahi dute bertan, baina elkarrizketa «serio» bat eskatzen dute; esan dute patronalek eduki «hutsalak» proposatu dituztela orain arte, eta horrela nekez egin daitekeela aurrera. Hamar urte daramatzate lan ituna eguneratu gabe, eta, besteak beste, urteotan langileen erosahalmena %12 inguru urritu dela argudiatu dute. Lan zamak arintzea ere badute eskakizunen artean, 0-3 adin tarteko umeekin diharduten langileen premiei bereziki erreparatzea, eta, ikasle kopurua apaldu ahala eskoletan egin beharko diren aldaketen harira, beharginak lekuz aldatzeko akordioak hitzartzea.

Kristau Eskolak eta IZEAk 215 ikastetxe dituzte Araba, Bizkai eta Gipuzkoan; 9.000 behargin ari dira sarean, eta 100.000 ikasle.Haur eta gaztetxo horien gurasoek hainbat aldiz adierazi dute kezka langileen protesten harira; familien eguneroko martxa aztoratzen dute, eta eskola ordu asko ari dira galtzen haurrak. Ohar bat plazaratu zuten atzo ere; gatazkan gailentzen ari diren debate «antzuez» ohartarazi zuten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.