Espainiako Kongresuak atzera bota ditu aurrekontuen aurkako osoko zuzenketak

186 diputatuk egin dute zuzenketen kontra, eta 159k alde. EAJk eta EH Bilduk gobernuarekin negoziatzen jarraitzeko asmoa adierazi dute

Idoia Sagastizabal, Espainiako Kongresuan, atzo. J.J.GUILLEN / EFE.
Iosu Alberdi.
2022ko urriaren 28a
00:00
Entzun
Espainiako 2023ko aurrekontuak onartzeko lehen urratsa egin du Moncloak. Kongresuan egindako osoko bilkuran, diputatu gehienek atzera bota dituzte eskuinak eta Kataluniako independentistek aurkeztutako osoko zuzenketak. Espainiako Gobernuak, ordea, bidea du egiteko oraindik, eta hala ohartarazi diote EAJko eta EH Bilduko ordezkariek Maria Jesus Montero Ogasun ministroari. Zuzenketa partzialen inguruko eztabaida izango da hurrengo urratsa. Talde parlamentarioek gaur eguerdira arteko epea dute horiek aurkezteko.

PP, Vox, Ciudadanos, JxC, CUP eta Foro Asturias alderdiek eta Navarra Sumako bi kide ohiek osoko zuzenketa bana aurkeztu zuten; denera, aurrekontuen aurkako 159 boto. Hala, Espainiako Gobernuak ez du negoziazio mahaian esertzea besterik izan; horri esker, 186 boto eskuratu ditu. PSOEko eta Unidas Podemoseko ordezkariek ez ezik, osoko zuzenketen kontra egin dute EAJk, EH Bilduk, ERCk, PDeCATek, Mas Paisek, BNGk, Compromisek eta PRCk ere. Coalicion Canaria eta Teruel Existe abstenitu egin dira.

Jeltzaleak eta Espainiako Gobernua negoziazio mahaian eserita egon dira azken asteetan, eta zenbait akordio iragarri dituzte; hala nola Kirolaren Legean «autonomia erkidego» bateko selekzioak nazioarteko txapelketetan lehiatzeko aukera txertatzeko akordioa. Horiek «galdutako konfiantzaren parte bat» berreskuratzeko balio izan dute, EAJko diputatu Idoia Sagastizabalen esanetan. Halere, gehitu du «bide luzea» geratzen dela aurrekontuak onartzeko: «Tartea egon badago kontuak hobetzera begira desadostasunak eztabaidatzeko eta Euskal Agenda are sakontasun handiagoarekin lantzeko».

EH Bilduren izenean, berriz, Oskar Matutek hartu du hitza. Gobernuari gogorarazi dio aurrekontuak onartzeko alternatiba bakarra Euskal Herriko, Kataluniako eta Galiziako ezker independentistaren babesa eskuratzea dela. Bide horretan, negoziatzeko «borondate zintzoa» adierazi du, betiere «gehiengo sozial eta langileen» mesederako bada. Izan ere, aurrekontuetan «elementu positiboak» dauden arren, jasotako neurriak «aringarriak» direla uste du, eta ez «kirurgikoak». Hala, landu beharreko gaien zerrendan jarri ditu «pentsio duinak» eta «etxebizitzarako eskubidea» bermatzeko neurriak martxan jartzea, eta enpresa handiei zergak igotzea.

Elkarguneak

Monterok bi talde parlamentarioekin hitz egiten jarraitzeko asmoa adierazi du. Matuteri erantzunez, esan du koalizio subiranistak akordioak egiteko prestutasuna adierazi duela, nahiz eta hori lortzeko negoziazioak «gogorrak» izan: «Ziur nago elkarguneak topatuko ditugula». EAJri, berriz, eskatu dio balioa emateko Araba, Bizkai eta Gipuzkoarako egindako inbertsioei; besteak beste, euskal Y-a eraikitzeko jarritako 170 milioi euroko diru sailari.

Horiek hala, datozen asteetan ere alderdien eta Espainiako Gobernuaren arteko negoziazioek aurrera jarraituko dute. EAJk eta EH Bilduk ez ezik, ERCk ere izango du zeresana. Joan Maragall diputatuak azaldu du «erantzukizunaren eta herritarrentzat erabilgarri» izatearen alde egin dutela, eta bide berean urratsak egiteko eskatu dio Madrili. Besteak beste, eskatu dute Kataluniarako inbertsioen exekuzioa hobetzeko eta sedizio delituaren tipifikazioa aldatzeko.

Behin osoko zuzenketak aurkeztuta, eztabaidak Aurrekontu Batzordean jarraituko du. Talde parlamentarioek han adostu beharko dute zein zuzenketa onartzen eta baztertzen dituzten, azaroaren 21eko astean proiektua Kongresuko osoko bilkuran azter dezaten. Gobernuak nahikoa babes lortuz gero, Senatuan jarraituko luke prozesuak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.