Otegi: «Egungo indar harremanekin ezin da Espainia demokratizatu»

Euskal Errepublikaren alde, manifestazioa egingo du EH Bilduk Bilbon, etzi. Espainiako «inboluzio demokratikoa» salatu du Arnaldo Otegik

Arnaldo Otegi, atzo, EH Bilduren agerraldi batean, Donostian. J.ETXEZARRETA / EFE.
Maider Galardi
2018ko abenduaren 4a
00:00
Entzun
Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiak «Espainiako inboluzio demokratikoaren aurka» mobilizatzera deitu du, datorren ostegunean, Bilbon, EH Bilduk egingo duen manifestazioan. Eguerdian abiatuko da manifestazioa, Euskal Errepublika! lelopean.«Egungo indar harremanekin ezin da Espainia demokratizatu, ez dago baldintzarik», ohar egin du Otegik.

Etzi izango da Espainiako Konstituzioaren 40. urteurrena, eta Otegik oroitarazi du euskal herritarren gehiengoak aurka bozkatu zuela: «Batzuek Konstituzioaren urteurrena ospatu behar dela diote, baina guk diogu jarraipena eman diola 78ko erregimenari».

EH Bilduko koordinatzaile nagusiak salatu du «egiturazko arazoa» duela Espainiak, baina, oinarrian, duela berrogei urte onartutako konstituzioa dagoela: «Orain ditugun arazo estruktural guztien jatorria frankismoak inposatutako konstituzioan eta trantsizioan dago». Horregatik, Espainian egonda Euskal Herriak «askatasunik eta justizia sozialik» izango ez duela ohartarazi du Otegik.

Areago, igandean Andaluziako hauteskundeetan eskuinak izandako gorakadari egin dio erreferentzia EH Bilduko koordinatzaileak, eta azpimarratu du Espainiako Estatua demokratizatzea ezinezkoa dela gaur egun. Espainiako eskuin alderdien gorakadari aurre egiteko, dei egin du aliantza zabalak sortzera: «Aliantza antifaxistak behar dira, askatasunaren aldekoak, estatuan zapalduak diren nazio guztiekin eta estatuan dauden sektore errepublikanoekin».

Sortuk ere igandean salatu zuen Espainiako Konstituzioaren izaera «inposatzailea» eta «antidemokratikoa», eta, «haustura demokratikoa» bultzatzeko, indarrak batzeko deia egin zuen. Arkaitz Rodriguez Sortuko idazkari nagusiak ohartarazi zuen «78ko erregimenak birzentralizazio eta bortizkeriaren aldeko apustua» egina duela. «Horregatik, erregimenarekin hautsi behar da, Euskal Herriak benetako demokrazia, justizia, askatasuna eta bakea lortzeko», azpimarratu zuen Rodriguezek.

Konstituzioaren defentsa

Jesus Loza, Espainiako Gobernuaren Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ordezkariak, berriz, egungo testuinguruan konstituzioak duen «balioa» defendatuko du etzi, Gasteizen egingo den ekitaldi batean. Han izango dira, Lozaz gain, Patxi Lopez lehendakari ohia eta PPko Ramon Rabanera ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.