Nazio aniztasunari lekurik ez egitea egotzi diote indar abertzaleek Felipe VI.ari

EAJk uste du Espainiako estatuburuak «autoestimua elikatzeko» diskurtso bat egin zuela. EH Bilduk «krisiaren adierazletzat» jo du monarkia

Felipe VI.a, Gabon gaueko diskurtsoan. BALLESTEROS / EFE.
jon olano
2019ko abenduaren 26a
00:00
Entzun
Felipe VI.a Espainiako erregeak Gabon gaueko diskurtsoan esandakoekin kritiko mintzatu ziren atzo EAJ eta EH Bildu. Aitor Esteban EAJko diputatuaren arabera, estatuburua «arazo batzuk zerrendatzera mugatu» zen, «krisian dagoen» estatu bat deskribatu zuelakoan. Felipe VI.ak «autoestimua elikatzeko saioa» egin zuen, Estebanen iritziz: «Ez zuen Euskadi aipatu ere egin, eta Kataluniaz, gehiegi sakondu gabe, esan zuen zerrenda luze bateko beste kezketako bat dela».

Mertxe Aizpurua EH Bilduko diputatuak, berriz, salatu zuen «plurinazionalitateari buruz hitz egitea ahaztu» zitzaiola: «Monarkian ordezkatuta sentitzen ez direnak alboratu zituen». Aizpuruak uste du diskurtsoak «agerian» utzi duela «Espainiako Estatua egiturazko krisian» dagoela eta monarkia dela horren «adierazle argietako bat».

Pilar Garrido Elkarrekin Podemoseko diputatua bestela mintzatu zen; haren esanetan, diskurtsoa «erregearen beste bat» izan zen, «topikoak» erabili zituen, eta eskertuta agertu zen hitzaldiak ez zuelako «tonu zakarra» izan. Haatik, Euskal Autonomia Erkidegoko PPkoidazkari nagusi Amaia Fernandez ados azaldu zen Felipe VI.ak esandakoekin, iritzita Espainiako Konstituzioa «elkarbizitzaren topaleku» gisa jarri zuela «inposizioaren eta intolerantziaren aurka».

«Voxen mitin bat»

Kataluniatik ere kritikak egin dizkiote Felipe Borboikoari: Quim Torra Generalitateko presidenteak erantzun dio Espainia «kezka bat» dela Europarentzat, eta Gabriel Rufian ERCko diputatuak «Voxen mitin» batekin alderatu du hitzaldia. PDeCateko presidente David Bonvehik katalanak «mespretxatzea» egotzi dio.

PSOE eta ERC Pedro Sanchezen inbestidura negoziatzen ari dira egunotan, eta testuinguru horretan mintzatu zen herenegun Borboikoa. Atzo, Ernest Maragall ERCko Bartzelonako udal taldeko buruak azaldu zuen «behar den seriotasunez eta diskrezioz» ari direla hitz egiten, baina akordioa ez dagoela «inola ere» itxita.

EAJ ere PSOErekin hizketan ari da, eta, Estebanen ustez, inbestidura «askoz lasaiagoa» litzateke urtarrilaren 8tik aurrera egingo balitz: «Argi izan behar dugu zein izango den gobernuaren norabidea». Aizpuruak gogorarazi zuen EH Bilduk ez diola oztoporik jarriko gobernua osatzeari baldin eta hark «politika ezkertiarrak eta progresistak» egiten baditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.