Unibertsitateak eta Eusko Ikaskuntza batu egin dira

Euskal Herrian aritzen diren zazpi unibertsitateek lankidetzarako itun bat izenpetu dute. Eusko Ikaskuntzak esan du «historikoa» dela bat egitea

Unibertsitateetako eta Eusko Ikaskuntzako ordezkariak, atzo. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Irati Urdalleta Lete.
2021eko urriaren 8a
00:00
Entzun
Eusko Ikaskuntzak eta Euskal Herriko zazpi unibertsitateek—EHU Euskal Herriko Unibertsitatea, NUP Nafarroako Unibertsitate Publikoa, Deustuko Unibertsitatea, Mondragon Unibertsitatea, Nafarroako Unibertsitatea, Paueko eta Aturriko Herrialdeetako Unibertsitatea eta UNED Espainiako Urruneko Hezkuntzako Unibertsitate Nazionala— lankidetzarako hitzarmen bat sinatu dute. Atzo eman zuten haren berri, unibertsitateetako eta Eusko Ikaskuntzako ordezkariek Bilbon egin zuten agerraldi batean.

Akordio horren bidez, «ezagutza sustatzera bideratutako lankidetza esparrua» eratzeko asmoa dute, «arreta berezia» eskainiz euskal kulturari eta hizkuntzari. «Haren artikuluetan, Eusko Ikaskuntzak eta zazpi unibertsitateek talentua bultzatzeko eta helburu hori lortzen laguntzen duen guztia partekatzeko borondatea adierazten dute», azaldu dute ohar batean. Akordioaren eranskinetan «lurraldeek XXI. mendean dituzten elementu komunei eta konpartituei buruzko definizio eta hausnarketa estrategikoa» egiteko asmoa dute, baita Eusko Ikaskuntzaren ospeari buruzko azterketa bat egitea eta ikasleek Eusko Ikaskuntzan praktikak egiteko aukera izatea ere.

Akordioa «historikoa» dela esan du Ana Urkiza Eusko Ikaskuntzako lehendakariak, eta «sinergiak eta lidergo partekatuak» sortzearen alde egin du. Unibertsitateetako ordezkariek akordio horren aukerak nabarmendu dituzte, Eusko Ikaskuntzaren arabera: «Gizartea pertsonen prestakuntza integralaren bidez eraldatzeko eta ezagutza sortu eta transferitzeko». Bide horretan Eusko Ikaskuntzak izango duen egitekoa zehaztu dute: «Etorkizuneko agertokiak eta estrategiak diseinatzea eta epe luzeko ikuspegia duten gizarte beharrak identifikatzea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.