Konstituzionalak uko egin dio bigarrengoz Otegiren inhabilitazioaz ebazteari

Europako auzitegiaren erabakiaren ondorioz zigorra bertan behera geratu izana baliatu du auziaren mamian sartzea saihesteko

Iruin eta Otegi, Bateragune auziko agerraldi batean. GORKA ESTRADA / EFE.
Eider Goenaga Lizaso.
2020ko azaroaren 27a
00:00
Entzun
Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiari Bateragune auzian ezarritako inhabilitazio zigorrari buruz ebaztea saihestu du, bigarrengoz, Espainiako Auzitegi Konstituzionalak. Asteartean jakinarazitako ebazpenean, Konstituzionaleko 2. Aretoak dio zigor hori bertan behera utzi duela Espainiako Auzitegi Gorenak—uztailean gelditu zen baliorik gabe—, eta, ondorioz, «babes helegitearen objektua desagertu» egin dela.

Otegiren defentsak aurkeztutako helegitea tramiterako onartu zuenean, 2018ko abenduan, «garrantzi berezia» eman zion Konstituzionalak berak gaiari buruzko erabaki bat hartzeari, oinarrizko eskubide bati zegokiolako eta gaiaren inguruko doktrinarik ez zegoelako auzitegi horretan. Bi urte geroago, ordea, izkin egin dio doktrina ezartzeari, argudioak aztertzeari eta, finean, gaiaren mamian sartzeari.

Bateragune auziko epaiagatik kasik sei urte eta erdian preso egon ondoren, 2016ko martxoaren 1ean atera zen kartzelatik Otegi. 2011n, Auzitegi Nazionalak 2021eko otsailera arteko inhabilitazio zigorra ere ezarri zion. Otegiren abokatu Iñigo Iruinek 2016ko abuztuko agerraldi batean esan zuen sufragio pasiborako inhabilitazio berezia kartzela zigorraren «osagarri» gisa jarri ziola Auzitegi Nazionalak, eta, Zigor Kodearen eta Auzitegi Goreneko etaKonstituzionaleko jurisprudentziaren arabera, zigor nagusiarekin «batera» betetzen direla «zigor osagarriak», aldi berean. Otegiren kasuan, Iruinek adierazi zuen haren sufragio pasiborako eskubidea indarrean zegoela espetxetik irten zenetik.

Kargu publikoetarako inhabilitazioa ere ezarri zioten, baina zehazteke zer karguri eragingo zion, eta, Iruinek azaldu zuenez, Espainiako jurisprudentziak dio zehaztu ezean ezin dela ezarri kargu publikoetarako inhabilitazioa.

Ez da lehen aldia inhabilitazio horren aurkako babes helegite bat Auzitegi Konstituzionaleraino iristen dela. 2016an, hain justu ere, beste babes helegite bat aurkeztu zuen auzitegi horretan Arnaldo Otegiren abokatuak. Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeen atarian, Otegik lehendakaritzara aurkezteko eskubidea aldarrikatu zuten, behin kartzela zigorra beteta haren eskubideak urratzen zituelako inhabilitazioari eusteak. Hauteskundeen atarian, 2016ko irailean, etorri zen Konstituzionalaren erantzuna. Ez zuen babes helegitea tramiterako onartu ere egin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.