Macriren 'default' pertsonala

Merkatuak ez dira baretu Argentinako Banku Zentralak interes tasa %60ra igo eta Macrik NDFren mailegua aurreratu arren: pesoa %11 gehiago depreziatu da

Buenos Airesen, atzo ere herritarrek eta kazetariek arretaz jarraitu zuten pesoaren truke balioaren joera. D. FERNANDEZ / EFE.
mikel p ansa
2018ko abuztuaren 31
00:00
Entzun
Merkatuen konfiantza berreskuratu, atzerriko inbertitzaileak baretu eta Argentina beste krisi baten ataritik urrutiratzeko neurri guztiek huts egin diote Mauricio Macriri orain arte. Presidenteak bere esku zegoena egin du, baina neurriak hain izan dira ezohikoak, horrek berak sortu baitu urduritasuna inbertitzaileen artean. Asteazkenean, merkatuek ireki aurretik, NDF Nazioarteko Diru Funtsarekin hitzartua duen maileguaren zati bat aurreratu egingo dutela iragarri zuen Macrik, herrialdearen beharrei aurre egiteko likidezia lortzeko. Urduritasunak baretzeko mezua izan behar zuenak kontrakoa eragin zuen: pesoak debaluatzen jarraitu zuen asteazken arratsean —bere balioaren %8 galdu zuen dolarraren aldean—. Atzo goizean, berriz, ABZ Argentinako Banku Zentralak iragarri zuen interes tasak %60raino igoko dituela —%40ra igo zituen maiatzean, eta %45era abuztu hasieran—. Baina, berriro ere, merkatuen piztia baretzeko behar zuen musikak kontrako eragina ekarri du: pesoak bere balioaren %11 galdu zuen atzo goizean, dolarraren aldean.

Udaberrian sartu zen Argentinaren ontzia itsaso beltzean.AEBek interes tasak igo zituztenean, peso argentinarrak balio galera handia eduki zuen. Funtsean, ABZk interes tasa altuak eskaini ditu azken urteotan, atzerriko inbertitzaileen funtsak erakarri, eta herrialdea bide horretatik finantzatzeko. Nazioarteko egoerak eta AEBen tasen aldaketak irauli egin zuten Argentinaren estrategia, eta, diru beharrez, NDFren besoetara jo zuen apirilean.

NDFk 50.000 milioi dolarreko (43.000 milioi euro inguru) funts bat prestatu zuen, Argentinaren finantza beharrei erantzuteko. Trukean, defizit helburu zorrotzak paratu dizkio Christine Lagarderen erakundeak Macriren taldeari. Mozketak nondik hasi, hor du arazo handietako bat, ordea, Argentinako presidenteak. Ekainean, iragarri zuen herri lanetan murrizketak egingo zituela eta energia kontsumorako laguntza batzuk moztuko zituela. Herrialdean ezinegon handia sortu du NDFrekin sinatutako mailegu horrek, 2001eko krisiaren erantzuletzat baitute herritar askok; austeritate eta murrizketa etapa baten aurrean sentitu dira.

Macriren gobernuak mailegu hartatik 15.000 milioi dolar jaso zituen ekainean. Beharren arabera gainerako dirua jasotzeko aukera hitzartua zuen (2019 eta 2021 artean), baina uztailean ez dira gelditu finantza krisiaren zurrumurruak, eta abuztuan lehertu egin dira datuak. Argentinaren arrisku sariak %23 egin du gora abuztuan. Eta Turkia, Brasil, Hegoafrika eta bestetako krisien hotsek bultzatuta, peso argentinarrak balioa galtzen jarraitu du; inflazioak, gora bultzatzen; eta defizitak, helburuetatik urrun.

Asteazkenean, gurpil zoro hori baretu nahian, NDFrekin hitzartutako maileguaren beste zati bat behar baino lehenago erabiliko zuela iragarri zuen Macrik. Baina horrek ez du gerarazi pesoaren erorketa: asteazken goizean, 31 pesotan trukatzen zituzten dolarrak, iluntzean 34,5 pesotan aldatzen zituzten; atzo debaluatzen jarraitu zuen pesoak: arratsean, dolarra 38 pesotan trukatzen ari ziren. Urtea hasi zenetik, dolarraren aldean bere balioaren %85 inguru galdu du pesoak.

Atzeraldia, inflazioa, defizita

Krisi monetarioari ez diote laguntzen ekonomiaren zifra nagusiek. 2018a hazkunde zifrekin hasi zuen Argentinak, baina aurreikuspenak jaitsi dituzte eragile guztiek; BBVAk esana du %0,5 soilik haziko dela, eta Cepalek, berriz, %0,3ko atzeraldi bat iragarri dio; Moody'sek esan du dagoeneko atzeraldian dagoela herrialdea. Munduko inflazio datu altuenetan bigarrena du: %20ra ez iristea espero zuen gobernuak aurten, baina kopurua ia gainditu du dagoeneko, eta abenduaren 31n %32 eta %35 artekoa izatea espero dute. Defizita, berriz, BPG barne produktu gordinaren %4an dauka; NDFrekin, apirilean, hitzartu zuen aurten %2,7ra jaistea, eta 2019an %1,3ra, 2021ean superabitera iristeko asmoz. Helburu bakar bat ere ez du lortu, eta udaberrian hasi zen pesoaren depreziazioak amildegiaren aurrean jarri du Macriren gobernua, inork aipatu nahi ez duen baina inork burutik kendu ezin duen 2001eko krisiaren mamua berpizteraino.

«Herrialdea ez dago default egoeran» eta «ez gaude hutsegite ekonomiko baten aurrean». Ministroen esaldiek ere ez dute lortu merkatuetan sinesgarritasuna zabaltzea. Ordainketak eteteko aukera behin eta berriro baztertu dute Nicolas Dujovne Ekonomia ministroak eta Marcos Peña gobernuaren eledunak. Argentinak «errotik» aldatu behar duela, ustelkerian eta merkatu beltzean ardaztutako ekonomia irauli egin behar duela adierazi dute. Arreta arlo politikora eraman nahi izan dute bi ministroek, eta defizita jaistea jarri dute erronka gisa.

2019a hauteskunde urtea izango du Argentinak, eta herrialdea tentsio batean dago. Atzo, ilarak egin zituzten herritarrek Buenos Airesen, beren dirua dolarrengatik aldatzeko —balio seguruetan aurrezteko ideiarekin, ohitura zabaldua da—. CGTk greba deialdi bat egina du irailaren 25erako. Kirchnertarren ustelkeria kasuak ere airean daude. Eta heldu den urtean, 8.000 milioi eta 15.000 milioi arteko zorraren kita bati aurre egin beharko dio. Giroa nahasita dago Buenos Airesen, eta etorkizun hurbila iragartzea nekeza da, inork ez dakielako pesoaren debaluazioa noiz eta nola bukatuko den. Orain arteko erabakiek, behintzat, ez diote balio izan Macriri, Lagardek atzo berriz babestu zuen arren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.