Koronabirusa

Intzidentzia tasa ehundik beherakoa da Hego Euskal Herriko lau lurraldeetan

Beste 133 kasu detektatu dira Hegoaldean. EHUk, MUk eta Deustuk aurrez aurre emanen dituzte eskola denak urri erdialdetik aurrera

Herritarrak paseoan, Hernaniko (Gipuzkoa) kale batean. JON URBE / FOKU.
Uxue Rey Gorraiz.
2021eko irailaren 25a
00:00
Entzun
Birusaren kutsatze maila neurtzen duten aldagaiak uztail bukaeratik doaz maldan behera Hego Euskal Herrian, ia etenik gabe, eta, hain zuzen, beheranzko joera hori argiki erakusten du intzidentzia tasa metatuak. Azken hamalau egunetan 100.000 biztanleko zenbat kasu detektatu diren adierazten du tasa horrek, eta mugarri bat erdietsi da berriki: tasa ehundik beherakoa da Hegoaldeko lau lurraldeetan. Duela bi egun, Bizkaian eta Gipuzkoan tasa ehundik gorakoa zen oraindik, baina, azkenik, behera egin zuen atzo. Datuen apaltzea bistakoa da. Konparazio bat egite aldera, uztailaren 30ean tasa seiehundik gorakoa zen lau herrialdeetan. Are, Nafarroan, Bizkaian, eta Gipuzkoan, zortziehundik gorakoa zen.

Oraintxe bertan, kopuruak bi zifrakoak dira guztietan. Hegoaldeko osasun sistemek emandako azken datuen arabera, tasa 99,9 da Bizkaian; Gipuzkoan, 99,1; Araban 86 kutsatu izan dira 100.000 biztanleko azken bi asteetan, eta Nafarroan, berriz, 67.

Bestalde, herenegun egindako testei buruz argitaratutako informazioak ere agerian uzten du pandemiaren bilakaera onbidean dela. Osakidetzak eta Osasunbideak COVID-19a atzemateko 7.308 proba egin zituzten ostegunean, eta horien guztien %1,8k eman zuten positibo: 133k, alegia. Lurraldez lurralde, Bizkaian 50 izan ziren; Gipuzkoan, 42; Nafarroan, 23, eta Araban, 16.

Halaber, Nafarroako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak jakinarazi zuten herenegun 25 lagun erietxeratu zituztela birusarekin eri. Horiek aintzat hartuta, oraintxe bertan 192 daude Hegoaldeko zentroetan. Zehazki, 59 ZIU zainketa intentsiboetako unitateetan daude. Hego Euskal Herrian azken bi hilabeteetan erregistraturiko zenbatekorik apalena da hori. Gainera, Gipuzkoako Foru Aldundiak jakinarazi du herrialdeko zahar etxe bateko egoiliar bat hil dela gaitzak jota.

Presentzialtasuna, urrian

Orain hilabete, EHU Euskal Herriko Unibertsitateak, Mondragon Unibertsitateak eta Deustuko Unibertsitateak iragarri zuteneskolak aurrez aurre eta online emanez hasiko zutela ikasturtea. Halere, denak aurrez aurre ematea jarri zuten asmotzat. Orain, xedea lortu dutela iragarri du Eusko Jaurlaritzak: urriko lehen hamabostalditik aurrera, erabateko presentzialtasuna berreskuratuko dute. Jokin Bildarratz Jaurlaritzako Hezkuntza sailburua hiru unibertsitateetako errektoreekin bildu zen atzo; orduan hartu zuten erabakia. Adierazi dute ikasturtea «ahalik eta normalen»igaro nahi dutela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.