Nafarroako dekretuaren kontrako 1.200 eskaera aurkeztu ditu Behatokiak

Salatu dute arau berriak hizkuntza eskubideen urraketa betikotuko duela. Bat egin dute maiatzaren 7an Iruñean eginen den protestarekin

Behatokiko kideak eta kexak aurkeztu dituzten herritarrak. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
Ion Orzaiz.
Iruñea
2022ko apirilaren 22a
00:00
Entzun
Osasun etxean edo ospitalean, errenta aitorpena egiteko bulegoetan, Foruzaingoaren eta bestelako larrialdi zerbitzuen arreta telefonoetan, administrazioko edozein sailetan eta egoitza digitalean... Nafarroako Gobernuaren eta herritarren arteko harreman bide ia guztietan urratzen dira hizkuntza eskubideak. Gehienetan, traba handiak daude zerbitzuak eta informazioa euskaraz jasotzeko, eta errealitate horren erakusgarri dira Nafarroa osoko 1.200 herritarrek aurkeztutako salaketak. Hizkuntz Eskubideen Behatokiak erregistratu zituen atzo, Iruñean, gobernuaren egoitza nagusian.

Horietan, gainera, Nafarroako Gobernua tramitatzen ari den merezimenduen dekretuarekin kexu azaldu dira herritarrak. Izan ere, arau berriak arazoa «betikotu» eta, are, «okertuko duela» salatu du Behatokiko zuzendari Agurne Gaubekak. Horregatik, Maria Txibiteren kabineteari eskatu diote atzera bota dezala dekretuaren tramitazioa. «Garaiz dabiltza oraindik», azaldu zuen Behatokiko buruak. Gaubekarekin batera, agerraldian izan ziren Ainara Iparragirre, Ainhoa Jauregi, Juanja Iturralde, Itxaso Telleria, Ander Loiola eta Aimar Jusue, «Nafarroako iparraldeko, erdialdeko eta hegoaldeko herritar askoren izenean».

Behatokiak salatu duenez, merezimenduen dekretua onartuz gero, «eremu euskaldunean eta eremu mistoko lanpostu publiko gutxi batzuetan soilik baloratuko da euskaraz jakitea». Horrez gain, eremu euskalduneko deialdietako merezimenduen atalean, «euskarak %20 arteko pisua izan beharrean, orain %10 inguruko puntuazioa izanen du gehienez». Gaubekaren esanetan, aldaketa horien ondorio zuzena izanen da datozen urteetan ere «milaka eta milaka izan daitezkeela euskarazko inongo ezagutzarik izanen ez duten langile publikoak». Administrazio publikoan lanpostu elebidunak ez sortzeak eragiten dituen eskubide urraketen lagina aurkeztu du Behatokiak erregistroan: «Gehienetan, herritarrak kexu dira ezin dituztelako zerbitzuak euskaraz jaso, baina badira, euskara jakin ez arren, zerbitzu elebiduna eskatzen dutenak ere, egungo eredua diskriminatzailea dela ulertzen dutelako».

Protestarako deia

Azkenik, Behatokiak babesa adierazi dio Euskalgintzaren Kontseiluak maiatzaren 7rako antolatu duen manifestazioari, eta parte hartzeko deia egin du, «hizkuntza eskubideen alde».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.