«Gobernu zentrala» ez gutxiesteko esan die Pekinek Hong Kongeko manifestariei

Txinak Eskualdeko Polizia eta Lam babestu ditu. Protestariek eskatu diote gobernadoreari ez haiei egozteko «desazelerazio ekonomikoa»

Yang Guang Pekingo Gobernuaren eleduna, atzo. ROMAN PILIPEY / EFE.
Igor Susaeta.
2019ko abuztuaren 7a
00:00
Entzun
Hong Kongen herenegun egindako greba orokorra masiboa izan zen, eta eskualdeko gobernuari erreforma demokratikoak eskatzen dizkioten milaka herritarrek hiria blokeatu zuten. Txinaren erantzuna atzo iritsi zen, biharamunean, eta, ia egunero protestak eragin dituen krisi politikoa hasi zenetik hamar aste igaro diren honetan, Pekinek orain arteko mehatxu argiena egin zien protestariei. Hong Kongeko eta Macaoko Auzien Bulegoko bozeramaile Yang Guangek ohartarazi zien ez dezatela «gutxietsi gobernu zentralaren indarra».

Prentsaren aurrean mintzatu zen, eta Guangek nabarmendu nahi izan zuen protestariak «lotsagabeak, biolentoak eta gaizkileak» direla. Kazetariek galdetu zioten ea Txinako Gobernuak ba duen indarkeriari muzin egiteko asmorik krisia konponbidean jartzeko. Izan ere, ia protesta egun guztietan egon dira istiluak manifestarien eta polizien artean. Guangek ez zuen argi erantzun, eta gogorarazi zuen Txinak Carrie Lam Hong Kongeko gobernadorea babesten duela; gainera, Poliziak erabilitako«metodo sendoak» txalotu zituen. Poliziak 148 manifestari atxilotu zituen herenegun, —uztailaren 28ko mobilizazioetan 44 izan ziren atxilotuak—, 1997ra arte Erresuma Batuaren kolonia izandakoan mende erdian egindako aurreneko greba orokorrean. Atxilotuak matxinadagatik auzipetu litzakete. Agenteek negar gasa eta gomazko balak erabili zituzten protestariak sakabanatzeko. Txinak armada kalera ateratzearekin mehatxu egin izan du azken asteetan, baina ez du halakorik egin.

Lam bera mintzatu zen herenegun hedabideen aurrean. Gobernadoreak bat egiten du Pekinen politikekin; haren esanetan, eskualde autonomoa «egoera oso arriskutsu baten mugan» dago, eta manifestarien bizkar utzi zuen horren erantzukizuna. Txinarako estradizio legea onartzeak piztu zituen protestak ekain hasieran—Lamek tramitazioa eten zuen ekain erdialdean—, baina, gobernadoreak astelehenean adierazi zuenez, hori «aitzakia bat» besterik ez da manifestarientzat; azpimarratu zuen «beste helburu batzuk» dituztela, nahiz eta ez zuen azaldu zeintzuk diren. Gobernadoreak uste du, gainera, manifestazioek eragin dutela Hong Kong pairatzen ari den «desazelerazio ekonomikoa». AEB-etako Merkataritza Ganberak joan den astean argitaratutako txosten baten arabera, Hong Kong toki «arriskutsua» bihurtzen ari da inbertsiogile askorentzat.

Manifestari talde maskaratu batek Internet bidezko prentsaurreko bat eman zuen atzo, eta Lami eskatu zioten ez egozteko «desazelerazio ekonomikoa» haien jardunari. Hitz hutsak esatea aurpegiratu zioten, eta, badaezpada ere, argi utzi nahi izan zuten ez direla ez alderdi, ez erakunde bateko kideak. Bide batez, haien helburuak zeintzuk diren jakinarazi zioten gobernadoreari: Txinarako estradizio legea bertan behera uztea; Poliziak manifestazioak sakabanatzeko erabili duen «indarkeriari» buruzko ikerketa bat egitea; eta «demokraziaren bilaketa». Lamek herenegun jakinarazi zuenez, Polizia bera hasi da agenteek izandako jarrera ikertzen, baina manifestariek nahi dutena zera da, ikerketa hori erakunde independente batek egitea.

Polizien entrenamenduak

Bien bitartean, Shenzhen hirian, Txinaren eta Hong Kongen arteko mugan, Txinako Poliziak istiluen aurkako saio bat simulatu zuen atzo. Poliziak ez zirenak Hong Kongeko manifestariak bezala zihoazen jantzita.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.