Arcelorrek ere egingo ditu etenaldiak

Bergarako eta Olaberriko plantak gelditu egingo ditu argindarra garestien dagoenean

Arcelor Mittaleko langile bat, Zumarragako plantaren aurrean. J. C. R. / FOKU.
jokin sagarzazu
Donostia
2021eko urriaren 16a
00:00
Entzun
Arcelor Mittalek «geldialdi laburrak eta selektiboak» egingo ditu ekoizpenean, argindarraren prezioak handiak direla eta, eta multinazionalak Euskal Herrian dituen zortzi lantegietatik biri eragingo die erabaki horrek; biak Gipuzkoakoak dira: Olaberrikoa eta Bergarakoa. Konpainiak baieztatu duenez, jada ari dira etenaldiak egiten, elektrizitatearen kostuaren inpaktua handiagoa den orduetan. Azaldu dutenez, egunero erreparatzen diote hurrengo egunean argindarrak izango duen prezioari, eta horren arabera hartzen ari dira produkzioarekin lorturiko erabakiak.

Siderurgia alorreko hainbat enpresa handi hasi dira geldialdiak egiten produkzioan. Euskal Herrian, Sidenorrek eman zuen horren berri aurreko astean. Basauriko lantegian (Bizkaia) hasiko dira, eta konpainiak ez du baztertzen besteetara zabaltzea. Arcelor Mittali dagokionez, multinazionalak Europan dituen lantegi kopuru zehaztugabe bati eragingo dio erabakiak.

Bi lantegietan 510 langilek dihardute, eta LAB sindikatuak salatu du ez duela jakinarazpenik jaso. Sindikatuak azpimarratu du konpainia horren eta Sidenorren erabakiek ez dutela «inolako justifikazio ekonomikorik», eta uste du multinazional handiek «xantaia estrategia» bat abiatu dutela «geldialdien mehatxuen» bidez gobernuei presio egiteko argindarraren kostua jaisteko.

Gai berean, Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapeneko sailburuak espero du Espainiako Gobernuak onarturiko dekretuari gehitu nahi dizkion neurriek egoera «lasaituko» dutela, eta horri esker faktura txikitu ahal izango dutela industria handiek.

Jaurlaritzak txosten bat egin du, har daitezkeen 23 neurri bilduta, eta aipatu du bazkide gisa parte hartuko duela industria hornitzeko etorkizunean sor daitezkeen energia berriztagarrien parkeetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.