Bolsonarok adierazi du Brasilgo Konstituzioari «leial» izango zaiola

Behin-behineko presidenteak ez du Lulak bozetan lortutako garaipena aitortu. Bolsonaroren jarraitzaileek errepideak blokeatzen segitzen dute

Igor Susaeta - Jon Ordoñez Garmendia
2022ko azaroaren 2a
00:00
Entzun
Jair Bolsonaro Brasilgo behin-behineko presidenteak 44 ordu behar izan ditu igandeko bozez mintzatzeko. Agerraldia egin zuen atzo, eta ez zuen aitortu Luiz Inacio da Silva Lula-k lortutako garaipena. Pare bat minutuz hitz egin zuen, eta esan zuen konstituzioari «leial» izango zaiola; interpreta daiteke ez duela emaitza inpugnatzeko asmorik. Bitartean, haren hainbat jarraitzaile herrialdeko errepideak blokeatzen ari dira. Ez die eskatu protesta eteteko.

Hauteskunde batzordeak horiek libre uzteko agindu zuen. Errepideetako Polizia Federalak emandako datuen arabera, Brasilgo 27 estatutatik 23tan 300 bat errepide blokeatu dituzte; edizio hau ixteko orduan, 267 errepidetan barrikadei eusten zieten behin-behineko presidente ultraren jarraitzaileek. Sare sozialetan zabaldutako bideoetan ikus daitekeenez, «armadak esku hartu arte» eutsiko diete mobilizazioei, eta «komunismoaren itzulera eragoztea» dute helburu.

Alexandre de Moraes hauteskunde batzordeko presidenteak atzo egindako agerraldian erakutsi zuen bideo batean ikus zitekeenez, errepideetako Poliziaren babesa zuten errepidea trabatzen ari zirenek. Poliziak jakinarazi zuen hiru kasu identifikatu zituela, eta horiek ikertzen ari zela.

Brasilgo Garraio Konfederazio Nazionalak eta Paulo Gonet fiskal nagusiaren albokoak ere kritikatu egin zuten Bolsonaren aldeko garraiolarien jarrera.

Lulak azaldu zuen, bestalde, trantsizio prozesua egitean Geraldo Alckmin presidenteordeak koordinatuko duela bere taldea Bolsonaren gobernuarekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.